Mikel Alvarezek uko egin dio Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeari
Mikel Alvarez donostiarrak Madrilen dagoen Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzeari uko egin dio. AHTaren aurkako aldarrikapen batean, Nafarroako Foru Gobernuaren buru Yolanda Barcinari tartak bota zizkioten. Ekintza hori dela eta inputatu gisa deklaratzera deitua zegoen Alvarez, baina epaile aurrean adierazpenik ez du egin. Izan ere, Mugitu! Mugimeduak jakitera eman duenez, Okzitaniako Tolosan izandako gertakariak epaitzeko ahalmenik ez baitiote onartzen Espainiako auzitegi horri.
Alvarezi autoritatearen aurkako delitua leporatu diote, eta 4 eta 6 urte arteko espetxe zigorra ezar diezaiokete epaileek, errudun joz gero. Hain zuzen ere, auzi berean inputaturiko beste hiru lagunei leporatutako delitu bera da donostiarrari egozten diotena.
Hori dela eta “prozesua honen guztiaren zentzugabekeria eta neurrigabekeria salatu nahi du” Mugitu! Mugimenduak. Besteak beste, tarten ekintzan parte hartu ez zuen Alvarezi eta beste hiru akusatuei leporatze bera egiten dietelako.
Era berean Donostiako ezker abertzaleak bat egin nah izan du Alvarezekin, eta ohar batean adierazitakoaren arabera, “halako ekintza bat terrorismo delitutzat jotzea eta aktibisten aurka hainbat urtetako kartzela zigor eskaera burutzea, Euskal Herrian gertatzen den ororekiko Madriletik ezartzen den ikuspegi errepresibotik baino ezin da ulertu”. Bestalde, idatzian jaso dutenez, AHT-aren eraikuntzaren aurka Euskal Herrian dagoen mugimendua “kriminalizatu eta geldiarazteko asmoen baitako urrats” gisa ikusten dute.