Sorospen Etxearen etorkizuna bermatzearen aldeko mozioa adostu dute
PSEk eta PPk Erdialdeko Sorospen Etxea mantentzeko aurkeztutako mozioak eztabaidatu dituzte. Bilduk abstentzioa eman du.
PPko Iñigo Arkauzek Sorospen Etxea harribitxia dela adierazi du: “Ezin dugu desagertzen utzi. Eta hori gertatzen bada, Bilduren errua izango da. Osakidetzarekin negoziatzen jarrai dezala Bilduk Sorospen Etxea mantentzeko. Akordioa lortu, eta 24 orduko zerbitzua mantentzea nahi dugu. Erdialdean dago eta turista zein herritarrak artatzen ditu. Bilduk dirurik ez dagoela dio, eta Sorospen Etxerako diru partida kendu nahi izanak harritzen gaitu. Muntoko baserria eraberritzeko, berriz, 900.000 euro aurreikusi dituzte aurrekontuan. Eta orain ez dituzte inbertitu nahi 250.000 euro sorospen etxerako”.
PSEko Denis Itxasok aurreko udalbatzarrean jada gehiengoak Sorospen Etxea defendatzeko adostasuna lortu zutela gogoratu du. “Beharrezkoa izanez, gero udalak har zezala Sorospen Etxearen ardura. 100 urteko zerbitzua izan da, zerbitzu publikoa. Arrazoi asko daude udala Sorospen Etxearekin konprometitzeko”.
Eztabaidan dagoena nork hartu behar duen bere gain zerbitzu horren ardura”, azaldu du Bilduko Asier Jakak: “Duela 80 urte sortu zen sorospen etxea. Testuingurua bestelakoa zen. Pixkanaka egokitu egin behar da zerbitzu hau. Pauso bat eman nahi dugu pribatizazioak saihesteko eta duplizitateak ekiditeko. Eta noski, Sorospen Etxearen zerbitzua hobetzeko lan egingo dugu. Baina abstentzioa emango dugu bi mozioetan. Kalitatezko larrialdizko zerbitzua bermatu nahi dugu. Osakidetza da, baina, eskumena duena erabakitzeko zeintzuk diren gune eta baliabide aproposenak. Udalaren partetik beharrezko baliabideak jarriko ditugu”. Bengoetxea kaleko lokala eta bertako azpiegiturak Osakidetzari utziko dizkiola adierazi du.
EAJko Juanra Vilesek bat egin du Bilduko zinegotziaren adierazpenekin: “Udalak ez du zertan zerbitzu hori mantendu behar. Donostiako Ospitalak kubritu beharko lituzke larrialdi zerbitzuak. Eta nola banatu kostu horiek, udalak eskumenik ez duenean? Halere, guk ere zentroa zabalik mantentzea nahi dugu eta mozioa babestuko dugu”. Udalak zerbitzu hori bermatzeko obligaziorik ez duela azaldu du, baina udal gobernuak sorospen etxea irekita mantentzeko espirituarekin negoziatu dezala nahi du.