Peio Ruiz Cabestanik eta Anne Igartiburuk jasoko dituzte Udaberriko X. Lasterketako 1 zenbakidun dortsalak
EHUk eta Donostiarrak Atletisko Taldeak antolatutako Udaberriko X. Lasterketaren aurkezpena egingo dute bihar, Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzan. Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurten ere 1 zenbakidun dortsalak banatuko dituzte aurkezpenean; zehazki, Peio Ruiz Cabestaniri txirrindulari ohiak eta Anne Igartiburu kazetariak eramango dituzte dortsalak, baina Igartiburuk ezingo du biharko aurkezpenean egon. Bestetik,aurreko urteetan bezala, lasterketak proiektu solidario bat lagunduko du, eta 0 zenbakidun dortsala emango dio. Asociación de Amigos y Amigas de la R.A.S.D. – Gipuzkoa elkarteak jasoko du lasterketaren laguntza, Tinduf kanpamentuetan burutzen ari den lanarengatik. Hala, Belen Eskisabelek jasoko du dortsala.
EHU-Donostiarrak Udaberriko Lasterketa martxoaren 18an jokatuko dute, 10.00etan. Lasterketak 1.500 parte hartzaile izango ditu, eta 10.000 metro egingo dituzte. Aurten zenbait aldaketa izango du ibilbideak, hiriaren auto zirkulazioa errazteko, baita ibilbidea hobetzeko ere.