Igarotako bidearen kronologia bat

40 urte txalo eta algara artean

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 1972an egin zuten lehen emanaldia, eta ordutik ez dira geldirik egon. Igandean festa egingo dute Kresala elkartean. Tortolikan bidaia egin nahi izan dute belaunaldi askotako haurrek. Paristik natorren artista bat naiz ni abestu eta jarraian instrumentu zerrenda luzea jotzen dakitela erakutsi dute beste hainbestek. Pintxo izeneko txakurra ezagutu eta Zapi zuria aurrera, atzera jolasean aritu dira. Txirri, Mirri eta Txiribitonekin hazi eta dibertitu dira azken lau hamarkadetan milaka haur euskaldun. Haien oroitzapenetan eta guraso askorenetan, gordeta daude kanta ezagunen hitzak, Txirriren errieta gozoak, Mirriren txisteak eta bihurrikeriak, Txiribitonen turuta soinuak, puxtarriak…. Eta, bereziki, irribarre nahiz algarak.

Altxor txikien bilduma 1972ko martxoaren 25ean egin zuten pailazoek lehen emanaldia. 20 urte inguru zituzten, eta garai hartan, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon izena zuten. Haurrentzako euskarazko aisia aukerarik ez zela eta, Kresala elkarteak antolatutako kultur astean pailazo ikuskizuna egitea bururatu zitzaien. Luzera begirako asmorik ez zuten, orduan; egun, taulatik jaistekoa ez duten moduan. Telebistara jauzia egitean, Kaxkamelon papera egiten zuen Andoni Ezeiza joan, eta Txema Vitoria batu zitzaien. Orduan, izena aldatu eta pailazo hirukote ospetsua osatu zuten. Emanaldi berezia, igandean Urtebetetze guztietan bezala, festa ere ez da faltako. Lehen emanaldia egin zuten toki berean izango da, Kresala elkartean, 17:00etan. Ikuskizunaz gain, joan den urrian abian jarritako bideo lehiaketako irabazlea nor den ezagutzera emango dute. Epaimahaia Ixiar Orexak, Iban Garatek eta Antxon Ormaetxeak osatuko dute. Eta jaia amaitzeko, tarta faltan, txokolate jatea izango da. Sarrera doakoa da aretoa bete arte. Beraz, hasi ziren bezala amaituko dute urteurrena, barre eta txalo artean.

HITZAkide HITZAkide