Mathieu Kassovitz-en 'L’ordre et la morale' filmarekin hasiko da Giza Eskubideen Zinemaldia
Jaialdiaren 10. ekitaldia apirilaren 20an hasiko da
Mathieu Kassovitz antzezle eta zuzendari frantsesaren L’ordre et la morale (2011) filmarekin hasiko da Donostiako Giza Eskubideen X. Zinemaldia, apirilaren 20an. Zortzi egunez Victoria Eugenia izango da jaialdiaren agertoki nagusia. Hogeita hamar bat film luze eta labur proiektatuko dira, eta lehian arituko dira hiru sari hauetarako: Ikusleen Saria Film Luze Onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria Film Labur Onenari eta Nazioarteko Amnistiaren Saria Film Luze Onenari.
Film luzeen Sail Ofizialean ikusgai izango diren lanen aurrerapena plazaratu du jaialdiak. Kassovitz-en lan berriz gain beste hainbat pelikula proiektatuko dituzte sail honetan: 30 años de oscuridad (Manuel H. Martin), Camera obscura (Maru Solores), This is not a film (Jafar Panahi, Mojtaba Mirtahmasb), Gazta zati bat (Jon Maia), Les neiges du Kilimandjaro (Robert Guediguian), Monsieur Lazhar (Philippe Falardeau), Give up tomorrow (Michael Collins) eta Vol Special (Fernand Melgar).
Urtero bezala, erakusketa bat baino gehiago izango dira Zinemaldiaren programazioaren barruan. Bi zabalik daude jada: Gervasio Sanchez argazkilariaren Desagertuak eta Kim Manresaren Beste mundu batzuetako eskolak.


