Musikeneko irakasle ohi Tatiana Kruikova omenduko dute
Musika ikasketa zentroko hainbat kidek kontzertua eskainiko dute bihar, Viktoria Eugenia Antzokian
Kontzertua
Tatiana Kriukova omenduko dute bihar Viktoria Eugenian. Bederatzi urtez Musikeneko irakaslea izan zen Kriukova, baina zoritxarreko gaixotasun baten ondorioz hil zen iazko abenduan. Musikeneko irakasle eta ikasle kolektiboak Kriukova oroitzeko erarik onena musika dela erabaki du. Beraz, errepertorio zabaleko kontzertu irekia prestatu dute, eta bihar bertan eskainiko dute, 20:00etan, irakasle zenaren oroimenez.
Musikeneko hiru kidek kontzertuaren eta Kriukovaren inguruko azalpenak eman zituzten, atzo goizean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Patri Goialde Musikeneko kudeatzailea, Maite Arruabarrena kantu irakaslea, eta Iñaki Salvador piano-jazz irakaslea. Goialdek azaldu zuenez, Errusiarra zen Kriukova, eta Moskun egin zituen musika ikasketak. Ezkondu eta Iruñean hasi zen lanean, bertara lotzen zuen familia kontu bat tarteko. Musikenen 2002an hasi zen irakasle, eta bertan aritu zen, hil zen artean.
«Nik ez nuen Tatiana pertsonalki ezagutzeko aukerarik izan, baina ohore bat izango da kontzertuan parte hartzea, Musikeneko familiako kide bezala», adierazi duen Iñaki Salvador pianista donostiarrak. Zehazki, 173 irakaslek osatzen duten Musikene, eta lau egoitzetan lan egiten dute, beraz, ez da harritzekoa guztiek elkar ez ezagutzea. Biharko emanaldian, Musikeneko irakasleetako batzuk eta ikasle talde batek ere parte hartuko dute. Gainera, Musikenekoa ez den arren, Roman Jablonsky biolontxelo-jotzaileak ere parte hartuko du kontzertuan, Arkaitz Mendoza pianistarekin batera. Zehazki, musikari bikoteak Ludomir Rzyckiren abesti bat interpretatuko du. Gainontzean, Txaikovskiren zein Aita Donostiaren lanen bat entzuteko aukera izango da, baita jazz doinuak ere. Kontzertua irekia izango da, eta sarrerak 10 eurotan daude salgai.
- Zer. Tatiana Kriukovaren omenezko kontzertua.
- Noiz. Bihar, martxoak 28.
- Non. Viktoria Eugenia Antzokian.
- Sarrerak. 10 euro.