Igarotako bidearen kronologia bat

Roskow eta goranzko hiri ezinezkoak

Roskow, tamaina handiko margolan handi baten aurrean.

Roskow, tamaina handiko margolan handi baten aurrean. (Argazkia: Mikel Goñi)

Margolari donostiarrak askotariko lana osatu du tresna anitzekin eta errealitatearen osagaiak testuingurutik ateratzen. Fernando Huarte Campion (Parte Zaharra, 1963) ezagunagoa da Roskow ezizenez. Urteak daramatza arte plastikoetan murgilduta, baina Hiri ezinezkoak erakusketa da kontzeptu baten inguruan eratu duen «lehenengoetakoa». Astearen bukaera arte Lugaritzen ikus daitekeen askotariko margolan eta marrazki bildumak hiriaren eboluzioa «goruntz» irudikatzen du. Roskow lan bitxia eta erreferentziaz betea erakusten ari da egunotan, Antiguako erakusketa aretoan. Balizko hiriak eta bere biztanleak sartu ditu artistak hamaika lanetan. Horretarako, ordea, teknika ezberdinak erabili ditu: «Akrilikoekin eta margogintza tradizionalean lan asko egin dut; hemen, berriz, collageak, ordenagailuz lagundutako marrazkiak eta margolanak elkartu ditut». Margolaria ez ezik, musikaria ere bada Roskow, eta Los Hormigones taldearekin batera sortu du erakusketa girotzen duen musika. Askotariko tresnak ditu Roskowek bere erreminta-kaxan: «Lan honetan, esaterako, urre-xafla ere erabili dut; antigoaleko margolanen handitasuna eman nahi nion». Estetika bezain erakargarria da koadroen edukia. Donostiarrak hirian dauden eraikinen zatiak errekonozituko ditu, fantasiazko osagaiekin nahasita. Egileak dioenez, azkeneko emaitza «ez da Donostia», baina asko zor dio horri. Erakusketaren kontzeptuak berak hirian du oinarri. «Konturatzen bazara, Donostiako eraikin askok eta askok pisu gehigarriak dituzte». Jatorrizko diseinua jarraituz batzuetan, baina besteetan, ondoren egindako solairuek estetika berezia ematen diote ziutatearen goialdeari. Urumea ibaia gurutzatzeko balio ez duen Kursaal zubia eta azpian hamaika pisu dituen Kontxa pasealekua Roskowen beste lan batzuetatik datoz. «Margo lan hauetako osagai asko eta asko beste lan batzuetan erabili ditut lehenago, baina orain testuingurutik atera ditut, eta modu berrian konbinatu ditut». Asteburuan kenduko dute Lugaritzetik erakusketa, baina, maiatzaren 25ean Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan lan horietako asko ikusi ahal izango dira musika emanaldi akustikoan.
HITZAkide HITZAkide