Igarotako bidearen kronologia bat

Apirilaren 2an zozkatuko dituzte Amerika plaza eta Aldunaeneko etxeak

Babestutako 146 etxebizitza banatuko dituzte datorren astelehenean, 114 salmentan eta 32 tasatu

Hilabete hasieran kaleratu zituzten hurrengo etxebizitza zozketan parte hartuko duten herritarren zerrenda eta atzo jarri zuten Donostiako Etxegintzako administrazio kontseiluko kideek zozketa eguna: apirilaren 2a. Datorren astelehenean 146 etxe banatuko dituzte. Hasiera batean, 140 izango zirela aurreikusi zuten baina sei gehiago izango dira azkenean. Aldunaeneko 39 etxe salmentan, Amerika plazako 100 etxe –75 salmentan eta 25 tasatu– eta Lardi Aldeko zazpi, tasatu hauek ere. Lardi Aldeko etxeak 2008an zotz egin bazituzten ere, zazpi banatu gabe utzi zituzten.

Donostiako Etxegintzak, era berean, Intxaurrondon adinekoentzat 50 apartamentu eraikitzeko beste urrats bat eman zuen, proiektua egiteko irizpideak onartu baitzituen. Apartamentuok Mons pasealekuko 74 atariaren eta Zarategi pasealekuko 68. atariaren ondoko lursailean eraikiko dituzte. Egitasmoak, orotara, 3.750.000 euroko aurrekontua izango du.

Donostiako Etxegintzaren hurrengo urteetako erronka Pagolan gazteentzako 50 apartamentu egitea izango da, halaber .

Epaitegietara

Hiriko babestutako hiru etxebizitzetan bizi diren ugazaben kontra egiteko auzitara jotzea erabaki dute, era berean. Kasuetako batean, etxea lortu zuen herritar batek beste bati eman zizkion bertan bizitzeko giltzak, Donostiako Etxegintzak dituen itxaron zerrendak errespetatu gabe. Beste etxe batean, bertan bizi zen adineko pertsona baten zaintzailea, ugazaba zahar etxe batera eraman zutenean, bertan bizitzen gelditu zela jakinarazi dute. Azkenik, elkarbizitza arauak ez errespetatzeagatik eta bizilagunei eragozpenak sortzeagatik auzitara eramango du familia bat Donostiako Etxegintzak.

HITZAkide HITZAkide