Aurrekontua adosteko «arduraz jokatzeko» eskatu die Javier Vitoria Ogasun ordezkariak udal taldeei
Osoko zuzenketak aztertzeko negoziazio saiakera berri bat egingo du Bilduk oposizioko udal taldeekin
«Egoera zailetan» erakutsi behar dela udal taldeek duten ardura dio Jabier Vitoria Ogasun ordezkariak eta halaxe eskatu die Bilduko ordezkariak PP, PSE-EE eta EAJ udal taldeei: 2012ko udal aurrekontua aurrera ateratzeko, «arduraz jokatzeko». Bilduk alabaina ez du oposizioko alderdien babesa lortzeko batere erraz izango, hiru taldeek osoko zuzenketak aurkeztu baitituzte. Udal aurrekontua berregin baino aurkeztutako osoko zuzenketak aztertu eta negoziaziorako saiakera berri bat egingo du Bilduk.
Maiatzaren 7an izango da aurrekontu proiektua aztertzeko osoko bilkura eta hilabete eskas geratzen denez, gaur bukatu nahi ditu Bilduk gainontzeko udal taldeekin bilerak. Elkarrizketa horietan aurrekontuez bakarrik hitz egitea gustatuko litzaioke udal gobernuari. «Alderdi interesak alboratzeko», eskatu du ordezkariak. Atez atekoaren alde ala kontra egiteak, esaterako, udal aurrekontuarekin aurrera egiteko baldintza ez lukeela izan behar jakinarazi du Vitoriak.
Illunbeko auziaren harira, ostegunean aditzera eman zuten udalaren kontrako epaiak, gainera, ez duela goera xamurtzen lagundu azaldu du : «Udala egoera zailean bazegoen, orain are okerragoan dago». Epaiak, hortaz, aurrekontua moldatzera behartuko duela gaineratu du Vitoriak.
Bilduk PSE-EErekin adostasunera heldu nahiko balu, atzo plazaratu zuten jarrera aldatu beharko lukete sozialistek. «Hiria nekazal munduari begira bakarrik jarri nahi du Bilduk, hiriak munduari begira jarri beharko luke, ordea», adierazi du Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramaileak.
13 milioi euro gehiago
Udal aurrekontuak enplegua sortzea, garraiobide loturak indartzea, herritarren aldeko neurriak abiaraztea eta auzo garaietara iristeko igogailu eta arrapalak egitea izan beharko lituzkeela lehentasun nabarmendu du.
Helburu horiek guztiak aurrera ateratzeko, gainera, Bilduk aurkeztutako aurrekontuan ageri ez diren 13 milioi euro gehiago lor daitezkeela aditzera eman du Gascok. Diru horrekin, besteak beste, enplegua suspertzeko proposamenak, Sorospen Etxeko zerbitzua mantendu, adinekoen etxebizitzetan lanak egiteko laguntzak eman, Aieten igogailua egin eta Amarako plazak txukun daitezkeela proposatu du.

