Erantzuna «txalogarria» izan dela diote sindikatuek
«Mobilizazio gaitasuna berreskuratzen» ari direla nabarmendu du Gorka Berasategi LAB sindikatuko ordezkariak
Lan erreformak emakumearengan «eragin berezia» duela adierazi du Ainhoa Beolak
«Ez dakit historiakoa izan den baina greba orokorra oso orokorra izaten ari dela begibistan geratu da», adierazi zuen ELA sindikatuko ordezkari Joseba Villarealek mobilizazio deiak izan zuen erantzun zabala ikusterakoan. CNT sindikatukoek, zalantzarik gabe, «historikotzat» eta «arrakasta handikoa» jo zuten atzoko greba eguna. LABeko Gorka Berasategik, era berean, CNTkoen hitzak berretsi zituen: «Grebak toki eta enpresa batzuetan izan duen jarraipena historikoa izan da».
Hiriko kaleak «lan murrizketekin» bat ez datozen milaka lagunek bete zituzten atzo eguerdian. Artzain Onaren plazatik abiatu zen manifestazioa ikusita, «herri oso bat» atera zela kalera jakinarazi zuen EHNE sindikatuko Eneritz Otamendik.
12:30ean abiatu zen manifestazioaren aurretik milaka lagun elkartu ziren Sagueseko zabalgunean, Anoeta futbol zelaian eta Antiguako Super Amaran. Hiru adarrek manifestazio bakarrean egin zuten bat Erdialdean. Eguzkipean, San Martin, Foruen eta Argentinako Errepublikaren pasealekutik egin zuen aurrera Bulebarrean amaitu arte. Aldarrikapen eta jaialdi handietan bezala, Bulebarrak gainezka egin zuen atzokoan ere.
Lau urtetan laugarren lanuztea izan zen atzokoa eta jendetsuena, behar bada. Jendearen erantzuna «txalogarria eta pozgarria» izan zela azpiamarratu zuen LAB sindikatuko Gorka Berasategik. Are gehiago, 80. hamarkadaren bukaeran eta 90ekoaren hasieran sindikatuek zuten «mobilizazio gaitasuna berreskuratzen» ari direla zehaztu zuen Berasategik: «Gizarte eragile eraginkor bihurtzen ari gara berriro, ez bakarrik lantokietan, baita kalean ere».
ELAko Joseba Villarealen iritziz, «langileek ulertu dute oraingoan ere greba egitea garrantzitsua dela eta balio duela». Lan egiteari utzi ziotenek eta mobilizazioetan parte hartu zutenek «murrizketekin» eta «krisiaren aitzakian hartu nahi dituzten neurriekin» bat ez datozela argi utzi dutela aditzera eman zuen Villarealek. «Ez dugu uste besteek eragin dutena guk ordaindu behar dugunik», zioen.
Gorka Berasategiren esanetan, «politikarien erabakiak ez datoz bat langileen pentsaerarekin, gure interesen aurkakoak dira eta gure borrokak zapuzteko behar diren legeak jarri dituzte indarrean». Hori dela eta, «gure erabaki propioak hartu eta, burujabetzaren ildotik, alternatiba propioa» eraiki beharra dagoela erantsi zuen EHNE sindikatuko ordezkari Eneritz Otamendik. Izan ere, atzokoarekin ez dela ezer amaitu adierazi zuen ELAko Villarealek: «Prozesu baten parte eta gauza gehiagoren abiapuntua izan da greba».
Mobilizatzeko beharra
Ideia horien guztien sintesia izan ziren manifestari oldea biltzen zuten pankarten leloak: Murrizketa, erreforma eta inposaketei aurre egin; Zerbitzu publikoak garatu. Murrizketarik ez!; Lan erreforma = langileriari lapurreta; eta Zenbatuko ez nauten arren, ni ere greban! Aldaketa soziala feminista izan ziren batzuk. Hain justu, lelo horren atzean zegoen Ainhoa Beola, Aralar alderdiko kide eta aurreko agintaldian Berdintasun zinegotzi izandakoa. Lan erreformak, jendartean, «oinarrizko eskubide zibilen galeran, atzerapausoa» eragin badu, «emakumeengan eragin berezia» izan duela uste du. Azken urteetan irabazitako lekua «galtzeko zorian» daudela ohartarazi zuen, halaber. Horregatik nahi izan zuen emakumeen ahotsa nabarmendu: «Neurriok emakumeengan duen eragina ez da aipatzen, genero itsukeriaren aurrean gaude», esan zuen zinegotzi ohiak.
Mobilizatzea, gainera, beharrezkoa dela azaldu zuen Beolak: «Patronalak behin eta berriz dio ez dela mobilizatzea beharrezkoa, ez duelako ezer ekarriko. Gezurra da, ordea. Beldurraren mezua indartu nahian dabiltza, eta horri uko egin behar zaio», zioen.

