Ostalaritzaren biltzarra hasiko da gaur Kursaalen
Gaur eta bihar Espainiako Ostalaritzaren XIV. biltzarra egingo dute Kursaalen. Kongresuaren helburu nagusia sektorearen egoera aztertu eta ostalaritzaren egungo eredua egokia den ala ez eztabaidatzea izango da. Sektoreko profesional ugarik parte hartuko du kongresuan, baita Basque Culinary Center-ek ere.
Hainbat ekitaldi programatu dituzte: besteak beste, energia aurrezpena, Euskadiko Turismo Gastronomikoko Plan Estrategikoaren aurkezpena, sukaldaritza buruzko show-cooking bat, Saborea España foroa eta aisia eta turismoa sustatzeko mahai-inguru bat. Ostalaritzako tradizioaren alde egin eta, garai berrietara egokituz, negozioa belaunaldiz belaunaldi mantendu duten familien lana eta ahalegina ere sarituko ditu kongresuak.
Basque Culinary Center ere protagonista izango da biltzarrean; nagusiki, nazioarteko fakultate honen proiektu eta helburuak aztertuko dira, nazioarteko sukaldari onenen laguntzarekin.
Dozena bat Michelin izar, gala afarian
Balenciaga Museoa izango da Biltzarraren beste topaleku garrantzitsu bat, bertan izango baita gala afaria, euskal sukaldari handiek prestatuko duten maila goreneko gastronomiako menu esklusibo batekin. Guztira hamabi Michelin izar biltzen dituzten Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategui, Andoni Luis Aduriz eta Eva Arguiñano arduratuko dira goi mailako menua prestatzeaz.