Igarotako bidearen kronologia bat

Kontsumo eredu jasangarriak aurkeztuko dituzte San Telmo Museoan

Erosketa arduratsua sustatzeko xedez, hainbat elkartek eta GKEk Saretuz egitasmoa abian jarri dute.
Emaus Gizare

Emaus Gizarte Fundazioko Olaia Larruskain eta Mugarik Gabeko Xabier Martinez, atzoko aurkezpenean. (Argazkia: Maitane Aldanondo)

Egungo kontsumismoaren aurrean, hirian lan egiten duten hainbat elkarte eta GKE batu, eta Saretuz egitasmoa abian jarri dute. Honen helburua Donostian kontsumo arduratsua sustatzea da. Horretarako, ostiralean eta larunbatean alternatiben berri emango dute San Telmo Museoan egingo duten topaketan. Bilkura atzo aurkeztea erabaki zuten, izan ere, Via Campesina nazioarteko nekazaritza mugimenduak apirilaren 17a Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna izendatu baitzuen. Babesten duten aukeretako bat, hain zuzen ere, elikadura burujabetza da. Egun nagusi den zerbitzu, elikagai eta bestelako produktuen ekoizpen eta kontsumo eredua “bidegabea da eta ez da ez sozialki ezta ingurugiroaren aldetik ere jasangarria”, adierazi zuen Mugarik Gabe taldeko Xabier Martinezek. Hitzetatik ekintzetara pasa eta egoera aldatzeko bidea erosteko ohiturak moldatzea da. “Eguneroko erosketak edo egiten ez ditugunak, aldaketak sustatzeko dugun boterea dira”, zehaztu zuen Martinezek. Aukeran berrien beharra Gero eta gehiago dira bestelako kontsumo ohiturak dituzten herritarrak. Kontzientzia ekologikoaren zabaltze horren adibide dira Donostian, besteak beste, bigarren eskuko azokak eta dendak, denbora bankuak, trukerako guneak, auzolana, kontsumo taldeak, hiriko baratzak, denda txikiak… Horiek garatzen jarraitzeko krisia abagune aproposa dela uste dute Saretuz-eko kideak “jendea aukera berrien bila” baitabil. Esparru anitzetan baliagarriak diren ereduak erakutsi eta eztabaidatzeko asmoz, etzi eta larunbatean San Telmo Museoan elkartuko dira. Kontsumoari alternatibak Donostian. Beste eredu baten alde izenburupean egingo duten topaketan parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak. Egitarau “erakargarria eta dinamikoa” antolatu dutela nabarmendu zuen Mugarik Gabeko kideak. Lehen saioan, Saretuz egitasmoa aurkeztuko dute, 17:00etan. Ondoren, Ekologistak Martxan eta Guatemalako La voz de la resistencia elkarteetako kide banak kontsumismoaren eta egungo garapen ereduaren eraginak azalduko dituzte. Jarraian, Donostiako Bidezko Merkataritza taldeak De la mata a la olla dokumentala aurkeztuko du. Bertan, kontsumo arduratsuari buruzko ideia praktikoak biltzen dira. Larunbatean, berriz, hirian erabilgarri dauden aukerak ezagutaraziko dituzte. “Alternatiba asko emango ditugu, bata bestearen atzetik: arropa, elikagaiak, garbiketa, hezkuntza, banka etikoa…”, zerrendatu zituen Martinezek. Etorkizunari begira, gainera, sarean lan egitera deituko dituzte topaketetara bertaratzen diren lagunak. Saretuz: 25 elkartek osatzen dute. Mugarik Gabe, Emaus, Setem, EBEL, Basherri, Mugarik Gabeko Albaitariak, Mundubat, Donostiako Bidezko merkataritza Taldea, Ekologistak Martxan, Mugarik Gabeko Ekonomistak, Antiguotarrak, Miramongo kontsumo taldea, Egiako kontsumo taldea, Gabiltza, Ingenieria sin fronteras, EHNE, Euskal Herriko Elikadura Burujabetzaren aldeko aliantza, Igeldoko Esnea Pobrezia 0 , Calucta Ondoan, Mari Puri Tijeritas, Otarra Bioelkartea, Interred, Kometa eta Kontu Kontari.  

Basherri taldeak, elikadura burujabearen adibide

Nekazarien Elkartasunak sustatutako sei kontsumo talde daude hirian, eta aurki beste hiru era ditzakete. Bitartekaririk gabe, ekoizleari zuzenean erostea. Zer jan, nork, non eta nola ekoiztua erabakitzea. Hori da Basherri taldeen oinarria. Auzo bateko herritarrak elkartu eta garaian garaiko zein barazki landatu erabakitzen dute baserritarrarekin. Honek astero, hamar egunetan behin… adostutako epean, elikagai freskoekin otarrea osatzen du. Irizpide nagusia, gertutasuna da. Egitasmoa herrietan hasi zuten, eta ez ziren Donostiara hurbildu. “Gertutasuna bilatzen da. Jendeak interesa izan arren gertuko baserritarrik ez bada…”, dio Nekazarien Elkartasunako (EHNE) Pedro Alberdik. Hiriko lehena Antiguotarrak taldea izan zen. Bi urte betetzear da, eta haren ondotik, beste bost abiatu ziren. Auzoan bertan osatu zen bigarrenarekin batera, Bidebietan, Egian, Miramonen eta Amaran bana dago. Egitasmoa zabaltzeko nahia eta interesa badago. Hala, EHNE egitasmoa aurkeztekoa zen atzo iluntzean Aieten. “Elikadura burujabetzari buruzko azalpenak eman eta Basherrien filosofia, zergatia eta helburuak azalduko ditugu. Interesik bada, zerrenda egin eta taldea osatuko dugu. Gero, datorren astean-edo, bilera egin eta martxan jarriko dugu”, azaldu du Alberdik. Hilaren 26an, berriz, Grosen egingo dute bilera. Elikadura burujabetzaren alde egin nahi duten auzotarrek Kortxoenea gaztetxean dute hitzordua, 18:30ean. Bileretan erosleez gain, taldeak hornitzeko prest dauden baserritarrek ere parte har dezakete. Izan ere, helburua, topaleku izatea baita. Taldeetan 20-25 familiek parte hartu ohi dute, eta baserritar batekin harremana izaten dute. Modu autonomoan aritzen dira, bitartekaririk gabe, eta baserritarrarekin batera erabakitzen dute “nekazaritza eredua, zer produktu ekoiztu, zein kuotarekin….”. Jendeak gero eta gehiago daki kontsumo taldeei buruz, eta interesa hazi egin da. Horrekin batera, hornitzaile lana egiteko prest dauden baserritarrak ere ugaritu dira. “Igeldon prest daudenak badira, baita beste toki batzuetan ere”. Izan ere, herri askotan taldea osatua dago, eta ez dago berri bat eratzeko nahikoa jende. Hemen, ordea, bai. Alberdik aurreratu duenez, Antiguan beste talde bat osa liteke hilabete gutxi barru. “Antiguan eskaera handia dago. Sinestezina da, bi talde daude, eta oraindik, deiak jasotzen ditugu”.
HITZAkide HITZAkide