Igarotako bidearen kronologia bat

Industrialdeetatik TAO sistema kentzea proposatu du udal gobernuak

Lur azalean aparkalekua ordenatzeko araudia aurkeztu du Mugikortasun zinegotziak

Azken urteetan TAO araudia hamaika bider moldatu eta egokitu da. Azken aldaketak zalaparta handia eragin zuen unibertsitate inguruan eta industrialdeetan TAO sistema ezarri egin zelako. Horiek guztiak, «adabakiak» izan zirela adierazi du Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak eta araudi berri bat egitea beharrezkoa zela jo zuen udal gobernuak agintaldi hasieran. Honela, gainontzeko udal taldeekin batera lan taldea osatu zuten, eta egindako bileretan jasotako ekarpenak aintzat hartuz, udal gobernuak lur azaleko aparkalekua ordenatzeko araudi berria osatu du. Araudiak proposatzen den aldaketa nagusietako bat, hain justu, Zuatzu, Miramon eta gainontzeko industrialdeetatik TAO sistema kentzea da. Unibertsitatean, ordea, mantentzea erabaki du udal gobernuak, «autoen txandakatzea» bermatze aldera.

Udal gobernuari araudia uda parterako indarrean egotea gustatuko litzaioke. Aurretik, ordea, idazkariak oniritzia eman behar dio, udal gobernuak onartu behar du eta udal talde guztiek aztertu behar dute, zuzenketarik egin nahi izanez gero aurkezteko denbora izan dezaten.

Udal gobernuak egindako proposamenak, dena den, ahalik eta babesik handiena izatea espero du Albizuk, aurreko hilabeteetan lan taldean egindako ekarpenak dituelako oinarri. Batzordeotan egindako lana «aberasgarria» izan dela adierazi du Mugikortasun zinegotziak, halaber.

Industrialdeetan aparkalekuak ordenatzeari uztearekin batera, bizilagunentzako guneak zabaldu nahi dituzte araudi proposamen horren bitartez. Bizilagunentzako eremua, era berean, Parte Zaharretik Askatasunaren hiribidera bitarteko kaleetan zabaldu nahi dute.

Araudiak, bestalde, martxan diren eta ordenamenduak jasotzen ez dituen prozedura ugari barneratuko ditu.

TAO araudi proposamena Bizilagunak

Txartela. Bizilagunek txartela ateratzeko izapideak erraztuko dituzte. Etxe bakoitzean bi txartel besterik ezingo dira eskuratu eta berritzea errazagoa izango da. Txartela ez da urtero berritu beharko harekin jarraitu nahi dutenei automatikoki berrituko baitzaie. Tarifa seihileka bereiziko dute. Hortaz, txartela ekaina bitartean edota uztailetik aurrera bakarrik nahi duenak urte erdia ordainduko du. sistema aldaketa

Teknologia berriak. Ordainketak egiteko teknologia berriak ezartzen ari dira jada eta araudi berriak aukera hori barneratuko du. Hainbat sektoretako langileek jada badute txartel arrunta Internet ala telefono mugikor bidez eskuratzeko aukera. Bestalde, txartela ateratzeko ordutegi banaketa lehen baino malguagoa izango da.

Langileak. Zamalanetan ari diren langileek edota etxez etxe ibili behar duten iturgin eta bestelako beharginek bizilagunentzako aparkalekuetan utzi ahal izango dute ibilgailua.

Okupazio altuko ibilgailuak. Langile eta ikasleak autoa uzteko bueltaka ibil ez daitezen, bi lagun baino gehiagoz betetako autoentzat gune bereziak gordeko dituzte. Gune horietan autoa uzten dutenei tarifa merkeagoa ezarriko diete (hirugarrena). Unibertsitateko ikasleek, esaterako, autoa gune berezi horietan bost orduz utziz gero, 1.91 euro ordaindu beharrean, 0,62 euro ordainduko dituzte.

Guneak

Grosen, 2-1 eta 2-2 guneak bateratuko dituzte. Parte Zaharrak eta Askatasunaren hiribidera doazen kaleek 1-1 gunea osatuko dute. Eremu hori, gainera, bizilagunentzat bilakatu nahi dute. Ondarretako kaleak 4-1 gunean sartuko dituzte. Era horretan, bizilagunek autoa uzteko leku gehiago izango dute. Industrialdeetan eta Igara eta Illunbeko aparkalekuetan ez da TAOrik egongo. Unibertsitatean bai, ordea. TAO sistema, berriz, Arriola pasealekura eta Aizkorri kalera iritsiko da (tarifa berdea). Morlansen, etxebizitza berrien inguruan edonork autoa utzi ahal izateko TAO sistema ezarriko dute; Amara-Ibaeta errepidearen beste aldean dauden kaleak, berriz, bizilagunentzat izango dira.

Tarifak. Errotaburun tarifa urdina ezarriko dute. Zubimusu parke inguruan, udan, tarifa berdea urdinagatik aldatuko dute. Grosen, Kursaal eta Zurriola inguruan dauden kaleetan tarifa berezia ezarriko dute. Igande eta udako hilabeteetan ere ordainduko beharko da. Saguesen, berriz, neguko tarifa berdea gorrian bilakatuko da udan, eta igande eta jai egunetan ere ordaindu beharko da autoa uzteagatik.

HITZAkide HITZAkide