Liburuaren Nazioarteko Egunaren azoka Gipuzkoa plazara itzuliko da

Arantza Urkia (Donostia Kulturako Liburutegi Zerbitzuaren burua) eta Andoni Arantzegi (Gipuzkoako Liburudenden Elkarteko presidentea) gaur goizeko prentsaurrekoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Donostiako liburu dendek azoka baten bidez ospatu ohi dute eguna; iaz, ordea, soilik liburu denden barruan geratu zen ospakizuna. Izan ere, iazko apirilaren 23a larunbat santua zen, eta dendariek ez zuten Aste Santuko oporrek azoka zapuztea nahi izan.
Aurten bai. Saltzaileak berriro ere kalera itzuliko dira, eta azoka jarriko dute Gipuzkoa plazan. Astelehenean 9:30ean zabalduko ditu ateak, eta 21:00ak arte izango dira bertan saltzaileak. Guztira, hamar postu jarriko dituzte, herritarrengana hurbiltzeko asmoarekin. Liburu guztiek %10 deskontua izango dute. Gainera, bost euroko gastua egiten duten erosleen artean, liburuak zozkatuko dituzte. Bestetik, hiriko udal liburutegiek ere bat egingo dute ospakizunarekin, eta apirilean zehar hainbat ekimen egingo dituzte.
Aurten Charles Dickens idazlearen jaiotzaren mendeurrena ospatuko dute, eta irakurketa publikoan haren testuak irakurriko dituzte, azokan bertan. San telmo Museoan, bestalde, arte liburuen bookcrossing-a hasiko da liburutegian.
Liburuaren Egunean gehien saldutako euskarazko eta gaztelaniazko liburuak saritu ohi zituzten Zilarrezko Euskadi Sariekin, baina aurten ez da saririk izango. Sari hauen izaeraren inguruan hausnarketa egiten ari dira eta oraindik ez dute asmatu nola ordezkatu.

