Jaiegunak aukeratzeko erabakiaren aurka errekurtsoa aurkeztu du Carlos Urquijok
Udalak jaiegun diren urriaren 12, 25 eta abenduaren 6an lanera joateko aukera eskaini die udal langileei. Neurri hori legez kontrakoa dela iruditzen zaio Carlos Urquijo Espainiako Gobernuko EAEko ordezkariari, eta errekurtsoa aurkeztea erabaki du. Martxoaren 15ean Urquijok eskutitza igorri zuen udaletxera, hartutako neurria bertan behera uzteko eskatuz. Hilabeteko epean halako pausorik ematen ez bazuten epaitegietara joko zuela ohartarazi zuen.
Udal gobernuko kideek legea betetzera behartuta daudela adierazi du PPko zinegotzi Iciar Aguilerak. «Zentzugabea» iruditzen zaio Bilduren jarrera, egutegian aldaketak egitea Eusko Jaurlaritzaren eskumena dela baitio, eta ez udalarena. «Gainera, jaiegunak aukeratzen hasita, zergatik ez dute San Sebastian Egunez, Aste Santuan ala igandetan hartzeko aukera eskaintzen», zehaztu du PPko ordezkariak.

