
Dantzaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 29a. Hori dela eta, hainbat dantza ikuskizun izan dira hilabete honetan hirian, baina azken txanpan sartuko dira jada. Zehazki, Dantzaren Nazioarteko Egunak emango die ekitaldiei bukaera, egun horretan bertan egingo duten galarekin. Hainbat estilok bat egingo dute konpainia askoren eskuetatik: Aukeran, Dantzaz, Kukai… Viktoria Eugenia Antzokian izango da gala, 19:30ean, eta sarrerak 6, 8 eta 10 eurotan daude salgai. Galaren bezperan, Dantza Sariak banatuko dizkiete Carlos Martin eta Juan Carlos Santamaria dantzari donostiarrei.
Bestalde, aurreko asteburuan eguraldia zela eta, bertan behera geratu ziren Dantza Hilabetearen jardueren data berriak eman dituzte. Horrela, Barra Klasikoaren erakustaldia Kontxako Barandan izango da datorren larunbatean, hilak 28, 12etan, eta Dantza Kalean jarduera, datorren maiatzaren 5ean, 17:30ean, Alderdi Ederren.