Igarotako bidearen kronologia bat

Dantzarien omenez

Dantzaren Nazioarteko Egunaren XVI. Gala egingo dute igandean, Viktoria Eugenia Antzokian

Aukeran dantza konpainia donostiarraren 'Burnia' ikuskizuna. (Argazkia: Aukeran)

Apirilean Dantzaren Nazioarteko Eguna dela eta, Dantzaren Hilabetea izaten da urtero hirian. Apirila bukatzen ari den moduan, ospakizuna ere bai. Azken txanpan, ordea, ekitaldiei bukaera emateko, Dantzaren Nazioarteko Egunaren XVI. Gala egingo dute Viktoria Eugenian. Hain justu ere, apirilaren 29an izango da gala, Dantzaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Gipuzkoako Dantzari Profesionalen Elkarteak egitarau zabala prestatu du egun berezirako, hainbat dantzari, dantza konpainia eta estilo batzea lortuz. Azken batean, estilo klasiko edo neoklasikoan oinarritutako koreografiak, estilo garaikideetako dantzak, baita, jazz, flamenko, euskal neo-folklorea… hori guztia emanaldi bakar batean bilduko dute, maila handiko profesionalen eskuetatik. Aukeran, Dantzaz eta Acroindar konpainia donostiarrek ez dute hutsik egingo, eta beraiekin batera izango dira, besteak beste: Kukai (Errenteria-Orereta), Lamov (Zaragoza), Malandain-Biarritzeko Balleta (Biarritz), Rebeca Falcon (Bilbo), Fabian Thome (Donibane Lohizune) eta Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko ikasleak (Gasteiz). Martin eta Santamaria Dantzaren eguneko galaren bezperan, X. Dantza Sariak banatuko dituzte, Antzoki Zaharrean egingo duten ekitaldi batean, 20:00etan. Duela ia hilabete aurreratu zuten moduan, Carlos Martin eta Juan Carlos Santamaria dantzari donostiarrek jasoko dituzte Dantza Sariak. Martin bakarlari gisa dabil Pliniako Ballet Nazionalean, eta ibilbide artistikoaren saria jasoko du berak. Santamaria, berriz, bere izen bereko konpainiako zuzendaria eta dantza irakaslea da, eta Dedikazio Saria jasoko du berak. Bai dantzari batek zein besteak ibilbide oparoa dute dantzaren munduan. Carlos Martin 1977an jaio zen, eta Donostiako Udal Kontserbatorioan Peter Brown irakaslearen aginduetara hasi zen dantza ikasketak jasotzen. Ondoren, Stuttgart-eko John Crankoren Eskolan aritu zen, bere prestakuntza sendotzen. Dantzari profesional bezala, 1995ean egin zuen lehen emanaldia bakarlari gisa, Dresdeko Operako balletean. Ballet hartan urtebete eman ondoren, beste hainbat konpainietatik igaro da. Juan Carlos Santamaria, 1964an jaio zen, eta Valladolideko (Espainia) Mariemma Dantza Eskolan hasi zituen dantza ikasketak. Sei urte egin zituen Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean, eta ondoren, Madrilen koreografo lanetan hasi zen. 1998an Santamaria konpainia sortu zuen, hainbat sari jaso dituen konpainia. Igandean etxera itzuliko da, eta bertan agurra emango dio dantzaren munduari. Bestalde, aurreko asteburuan eguraldia zela eta, bertan behera geratu ziren Dantza Hilabetearen jardueren data berriak jakinarazi zituzten. Horrela, Barra Klasikoaren erakustaldia Kontxako Barandan izango da datorren larunbatean, apirilak 28, 12:00etan; eta Dantza Kalean jarduera, maiatzaren 5ean egingo dute, 17:30ean, Alderdi Ederren.
HITZAkide HITZAkide