Zamora eta Lopez Ufarteren golei esker

1982ko apirilaren 25ean, Athletici irabazi eta gero bigarren Liga eskuratu zuen taldea. Zutik: Arkonada, Jose Mari Anza (masajista), Zelaieta, Murillo, Gorriz, Kortabarria eta Alonso. Makurtuta: Uralde, Diego, Satrustegi, Zamora eta Lopez Ufarte. (Argazkia: Realsociedad.com)
Arkonada, Kortabarria, Zelaieta, Gorriz, Murillo, Diego, Alonso, Zamora, Uralde, Satrustegi eta Lopez Ufarte. 1982ko apirilaren 25ean, Realak hamaikako hau zelairatu zuen Ligako azken jardunaldian. Txapelketa zegoen jokoan Atotxan, eta txuri-urdinek Athletic zuten aurkari. Garaipena lortuz gero, Liga etxean geratuko zen, donostiarrek Bartzelona eta Real Madrili puntu bateko aldea ateratzen baitzieten.
Horrenbestez, aurreko denboraldian El Molinonen egindako balentriari jarraipena emateko bidean ziren, klubaren historiako bigarren Liga esku-eskura baitzuten txuri-urdinek. Azken jardunaldira Liga irabazteko aukerekin iristeko, baina, asko sufritu behar izan zuten. Izan ere, txapelketaren azken txanpan, Realak bost puntuko aldea murriztu zion Bartzelonari.
Horretarako, Athleticen aurkako partidara hiru garaipen eta berdinketa bat lortuta iritsi ziren donostiarrak, Liga bukaera ikaragarria eginez. Zaragoza eta Espanyol mendean hartu zituzten etxean eta Valentzia, kanpoan. Berdinketa Osasunaren aurka erdietsi zuten, Sadarren.
1981-1982 denboraldiko azken jardunaldian ez zuen hutsik egin Realak, lehen zatian Athleticeko atezain Zubizarretak gaindiezina zirudien arren. 55. minutuan, Zamorak, El Molinongo heroiak, Ormaetxeak zuzendutako taldea aurreratu zuen (1-0) eta, 68. minutuan, Lopez Ufartek abantaila handitu zuen (2-0).
San Mamesen, alderantziz Sarabiak 2-1ekoa ezarri zuen 85. minutuan, baina Clementeren jokalariek ez zuten berdinketa lortzeko denborarik izan. Emaitza horrekin, Reala txapeldun zen. Aurkariek, dena dela, ez zioten presioari eutsi eta euren lana ez zuten behar bezala egin; Bartzelonak berdindu eta Real Madrilek galdu zuen.
Atotxan festa handia egin zuten, bi urte geroago San Mamesen gertatuko zen bezala, baina alderantziz; 1984ko apirilean, Athleticek 2-1 irabazi zion Realari eta bere bigarren titulua jarraian lortu zuen azken jardunaldian.
Duela 30 urte gertatu zen hori guztia. Hori dela-eta, denboraldi honetan Montanierrek zuzendutako taldea Ligako gazteenetakoa izanik, Realeko jokalari asko ez ziren oraindik jaio; joan den igandean Vila-realen aurka aritutako jokalari gehienak, kasu.
Ligako azken jardunaldian zelairatutako hamalau jokalarien artean, soilik Mikel Aranburu eta Joseba Llorente jaioak ziren ordurako; hori bai, hiru eta bi urte besterik ez zituzten, hurrenez hurren. Horrenbestez, hauek ere realzale beteranoek kontatutakoarengatik dute 1982ko apirilean gertatutakoaren berri.

