Dantzaz Blai ekimena indarberrituta dator
Dantzaz, Nudans eta Biraka konpainietako dantzari gazteek hainbat emanaldi eskainiko dituzte
Dantzaz Blai, Gazte Balleten V. Topaketa, maiatzaren 11tik 19ra egingo dute. Zehazki, Donostiaz gain, Ezpeleta eta Luhuso ere hartuko ditu jaialdiak. Hala, hiriko Dantzaz eta Suetziako Nudans konpainiak izango dira protagonistak. Azken batean, Euskal Herrian dantzaren garapena sustatzeko, eta bereziki profesional gazteei laguntzeko elkarlanean aritzea erabaki dute, esperientzia pilotu baten bitartez. Aurreko urteetako esperientziaren ostean, aurtengoa aberatsagoa izatea espero dute. «Proiektua edukiari eta lurraldetasunari dagokionez, urterik urtera pixka bat gehiago eraikitzen ari garen Gazte Balleten europar sareak babestutako Gipuzkoa eta Iparralderako ekintza da», diote arduradunek.
Dantzaz Blai ekimenak hiru helburu nagusi ditu: Ikusleen sentsibilizazioa lortzea dantza eta koreografia sorkuntzaren inguruan, Dantzari gazteen profesionalizatzea sustatzea, eta kultur ekitaldiak ahalbidetzea nazioarte mailan.
Gauzak hala, bertako dantzari gazteek nazioarteko irakasle profesionalen eskolak jasoko dituzte, tailerren bidez. Gero, hainbat emanaldi eskainiko dituzte bai Donostian bai Luhusoko Harri-Xurin ere, euren kalitatea ikusleei erakusteko.
Dantzaz Blai: Emanaldiak
- Maiatzak 11 (20:30). Arte-An (Dantzaz). Luhusoko Harri-Xurin.
- Maiatzak 12 (12:30-19:00). Sarritsasoa (Dantzaz eta Biraka). Egiako parkean.
- Maiatzak 13 (19:00). I Land (Nudans), Gazteszenan.
- Maiatzak 19 (20:30). Nudans eta Dantzaz. Luhusoko Harri-Xurin.

