Igarotako bidearen kronologia bat

Papingo industrialdera heltzeko errepidearen alde egin du oposizioak

EAJren proposamenak PSE-EE eta PP alderdien babesarekin egin du aurrera; Bildu abstenitu egin da Hogeitik gora mozio eta 11 erakunde adierazpen zituen osoko bilkurari egin zioten atzo aurre udal zinegotziek. Erakunde adierazpen eta mozioak landu aurretik, baina, hirigintzarekin loturiko hainbat izapide onartu zituzten. EAJk Molinaoko industrialdera egun baino errazago iristeko errepide bat egiteko plana bultzatzeko proposamena aurkeztu zuen. Jeltzaleen ekinak Papin industrialdeko erabiltzaileen interesa piztu zuen, udaletxera hurbildu baitziren eztabaidak zein fruitu emango zituen bertatik bertara ezagutzeko. Proposamenak aurrera egin zuen oposizioak EAJren eskaerarekin bat egin zuelako, ez, ordea, udal gobernuak. Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak EAJk aurkeztutako proposamena «beharrezkoa» ez dela esan zuen eta egitasmoa aurrera ateratzeko egin zuten bozketan abstentzioaren alde egin zuten. Bilduko kideen jarrera ez zen oposizioko kideen gustokoa izan. EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagarentzat «penagarria» da Bilduk hartutako erabakia. Izan ere, errepidea egiteak industrialdearen garapenerako «berebiziko garrantzia» duela uste du jeltzaleak. 300 bat beharginek egiten dute lan Molinaoko Papin industrialdean eta errepidea egiteak hiriko eragile ekonomikoek bizi duten krisia arintzen lagunduko lukeela erantsi zuen. Papineko langileek dituzten zailtasunak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dutela esan zuen PPko bozeramaile Ramon Gomezek. Udalean errepide berri horren inguruan hitz egiten hasi zirela 13 urte igaro direla eta «lehenbailehen» irtenbideren bat bilatu beharko litzatekeela zehaztu zuen. Proposamen honen alde ez egitea «herritarrak zigortzea» dela adierazi zuen PSE-EEko bozeramaileak Ernesto Gascok: «Bildu enplegua sortzeko aukerak atzeratzen eta hiriaren garapena trabatzen ari da». Madrilen hartutako erabakiak Espainiako Gobernuak Giza Eskubidearen Zinemaldirako ekarpena 100.000 eurotan murriztea erabaki du. Udalbatzak, honenbestez, diru laguntza mantentzeko eskaera egin dio. Iñigo Arcauzek gogor salatu zuen zinemaldiaz Bilduk egin duen erabilera. «Autodeterminazioaren aldeko ideia zabaltzeko» baliatu dutela adierazi zuen PPko zinegotziak. Murrizketarik handiena, era berean, Bilduk egiteko asmoa zuela ohartarazi zuen. Arcauzen esanetan, Elorzak 230.500 euroko ekarpena egitea erabaki zuen bitartean, Bilduk, aurkeztu zuen aurrekontu zirriborroaren arabera, 110.000 euroko murrizketa egiteko asmoa zuen. Juan Karlos Izagirre alkateak datu horiek zuzendu zituen. Nahiz eta erakunde adierazpenak aho batezko adostasuna ez zuen jaso, aurrera egiteko behar beste boto lortu zituen. PSE-EEko Ernesto Gascok «terrorismoak hain gogor zigortu duen hirian era honetako zinemaldiak egitea beharrezkoa dela» jakinarazi zuen. Bilduk, era berean, Espaniako Gobernuak aurkeztu duen aurrekontua kritikatzeko erakunde adierazpen baten berri eman zuen Josu Ruiz bozeramaileak. Ongizatearen aldeko ekonomia bultzatu beharrean, ekonomia neoliberalari ateak zabaltzen dizkiola kritikatu zuen. Sektore publikoa desegin eta pribatizazioaren alde egitea helburu duela erantsi zuen. Jose Luis Arrue PPko zinegotziak Ruizek azaldutakoa «demagogia» dela salatu zuen. Ruizen adierazpenei hainbat ñabardura egin zizkion, halaber; Espainiako Gobernuaren jokabidea babeste aldera. EAJk zein PSE-EEk anmistiaren fiskalaren alde hartutako neurriaren kontra egin zuten. Aireportua eta saihesbidea PSE-EEk aurkeztutako beste erakunde adierazpen baten bitartez, Hondarribiko aireportura autobusez iristeko zerbitzuak indartzeko beharra plazaratu zuten. Bildu, aireportura iristeko beharrak neurtzeko, azterketa bat egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiari eskaera egiteko prest zegoen. Proposamena, ordea, ez zen oposizioko udal taldeen gustukoa izan eta aireportua suspertzeko ahaleginak zapuztu nahi izatea leporatu zioten hiru alderdiek Bilduri. Erakunde adierazpenak, beraz, aurrera egin zuen; ez, ordea, azterketa egiteko Bilduren emendakinak. Udalbatzak, dena den, hiriko saihesbide zaharra egoera onean mantzeko eskaera helarazi zion Gipuzkoako Foru Aldundiari. Egunero saihesbidetik dabiltzan milaka gidarien segurtasuna bermatzeko, errepidea egoera onean mantentzea beharrezkoa jo zuten udal taldeek. Eraiki berri duten bigarren ingurabideak auto ugari erakarri dituen arren, saihesbide zaharrak oraindik ere erabilpen handia duela nabarmendu zuten eta behar bezala mantentzeko beharra goraipatu zuten. Larunbatean egingo den Lan Segurtasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, lan istripuek oraindik konpondu gabeko arazo izaten jarraitzen dutela ohartarazi zuen Nekane Burutaran Giza Baliabideetako zinegotziak. Urtero gertatzen diren ehundaka heriotz eta milaka istripu «onartezinak» direla jarri zuen agerian. Hori dela eta, Bilduk langileen lan baldintzak hobetzeko elkarlanean aritzeko beharra azpimarratu zuen. Era berean, hiriko udal eraikinetan amiantoaren mapa osatzeko eta lan istripuen aurrean arrazoiak ezagutu eta ikertzeko deia egin zien enpresetako arduradunei. «Udaletxea Gipuzkoako enpresarik handiena da eta ez dira bertan gertatu diren istripuak argitzeko gai izan», salatu zuen Maria Jose Usandizaga PPko zinegotziak. Lan segurtasuna bermatzeko erakunde adierazpena aurkeztu zuen Giza Baliabideen zinegotziarena dela erantzun zion Usandizagak Burutarani. Esanak esan, aurrera egin zuen erakunde adierazpenak. Mozioak Erakunde adierazpenen txanda amaituta, mozioei heldu zizkieten udal zinegotziek. Hain justu, oposiziak aurkeztutako mozio askok «Olentzerori eskutitza ala «norbere burua erakusteko asmoa» dutela kritikatu zuen Juan Karlos Izagirre alkateak. Oposizioak, hala nola, droga edo alkohola izan edo hartzeagatik adingabeei ezarritako zigorrei erantzuteko udalak zuen programari eutsi nahi dio. Udal gobernuak, aitzitik, nahiko lituzkeen programa guztiak mantendu ezin dituenez, lehentasunak ezarri behar dituela azaldu zuen Jon Albizu Ongizate zinegotziak. Hala, Neguko Aterpearen zerbitzua urte guztira luzatzeak premia handiagoa duela erabaki du Bilduk. Bigarren mendeurreneko ospakizunen harira, PSE-EEk aurkeztutako mozioa kritikatu zuen alkateak. «Sozialistek gobernuaren asmoen berri» baduela, esan zuen Izagirrek. Proposamenak batzen ari direla eta programazio bateratu bat osatzeko udal talde eta eragileekin batzorde bat eratuko dutela aurreratu zuen.
HITZAkide HITZAkide