Igarotako bidearen kronologia bat

Maiatzaren 11n izango da ‘Ostiralive’ kontzertu erraldoia

Olatu Talka jaialdiari hasiera emateko 80 kontzertu eskainiko dituzte hiriko hainbat bazterretan

Gure artean makina bat dira abesbatzaren batean kantatu, musika instrumenturen bat jo ala musika talderen batean jotzen dutenak. Musikaz gozatu eta gozarazteko gai direnek haien gaitasun eta abileziak erakusteko eguna izango dute datorren astean, maiatzaren 11n. Lekua eta ordua bakoitzak entzun nahi duen horren araberakoa izango da, Donostia 2016 bulegoak antolatu duen Ostiralive jaialdia egun osoan zehar eta hamaika aretotan egingo den kontzertu erraldoia izango delako.

Denera, formatu txikiko 80 kontzertu izango dira eta Donostiako kaleetan ez ezik, Irunen, Orion eta Hernanin ere eskainiko dituzte kontzertuak. Aretoak, gainera, ez dira ohikoak izango. Trenaren zain gauden bitartean, talderen batek alai ditzake zain daramatzagun minutu luzeak. Musikariak ere azoka eta denda inguruetan ibiliko dira baita herritarren elkargune izaten diren tabernetan ere. 80 kontzertuetarako 80 izango direlako agertokiak.

Asteburu osoan

Ostiralive, beraz, herritarren energia taularatzeko eta artisten trebezia erakusteko jaialdia izango da. Halere, ostiralean bakarrik ez, larunbatea eta igandea ere dohain artistikoari ateak zabaltzeko egunak izango dira. Egunero, orduro eta minuturo hirian eta lurralde osoan egiten diren adierazpen artistikoen erakusleiho izateko egingo baitute, maiatzaren 11tik 13ra bitartean, hirugarren urtez antolatu duten Olatu Talka jaialdia.

HITZAkide HITZAkide