Bihar hasiko da D3Mren aurkako epaiketa
Groseko Hodei Egaña da auzipetuetako bat
Bihar hasi, eta hiru aste iraungo du epaiketak. Maiatzaren 3, 4, 7, 8, 9, 17 eta 18rako deituta daude auzi saioak. D3M hautesle elkartearen aurka 2009an egindako operazioan atxilotua izan zen Hodei Egaña (Gros, 1983). Hodei Egaña, Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari leporatzen diete ETAko kide izatea, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea, eta zazpi urteko zigorra eskatu dute haientzat.
2009ko martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu nahi izateagatik auzipetu dituzte guztiak. Zortzi lagun atxilotuta abiatu zuen auzia Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak, 2009ko urtarrilaren 24an. D3M eta Askatasuna legezkoak ziren artean, baina handik gutxira Auzitegi Goreneko 61. areto bereziak legez kanporatu egin zituen. Kanpaina hastear zela Konstituzionalak erabaki hori berretsi egin zuen, eta, bost egun geroago, D3Mren eta Askatasunaren ekinbideak debekatu zituen Auzitegi Nazionalak, hiru urterako.
Espainiako Auzitegi Nazionalak biharko deitu ditu D3M Demokrazia Hiru Milioi plataformarekin eta Askatasuna alderdiarekin lotuta auzipetuta dauden hamahiru lagunak, horien aurkako epaiketari hasiera emateko. Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetara begira ETAren agindupean aritzea leporatzen diete hamahiru auzipetuei, eta, guztira, 109 urteko espetxe zigorraren eskaerari aurre egin beharko diete.