Igarotako bidearen kronologia bat

EuskoTreneko loturarik gabe intermodalitatea osorik ez dagoela adierazi du Kalapie elkarteak

Autobus geltokia Loiolako Erriberan egingo balitz, bizikleta txertatzeko plan bat beharko litzatekeela diote

Autobus geltokia non eraiki Donostia eta Gipuzkoarentzat «funtsezko erabakia» dela jakinarazi du Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteko presidente Gurutze Intxaurburuk. «Ikuspegi zabalarekin eta etorkizunari begira» azter dezatela eskatu dio Donostiako Udalari. Kalapiek, honenbestez, Atotxak zein Loiolako Erriberak izan ditzaketen argi-ilunen berri eman du. Intermodalitate osoa, hala nola, Loiolako Erriberak eskain dezakeela nabarmendu dute. Intxaurbururen esanetan, «intermodalitate osoa lortzeko aukera izanik, ulertezina iruditzen zaigu biztanleriaren ehuneko handi bat zerbitzua ematen dion EuskoTren tren loturatik aparte uztea». Loiolako Erriberako egitasmoak, ordea, bizikleta geltokiko mugikortasun sisteman txertatzeko planik ez duela aditzera eman du Kalapiekoak.

Txirrindulari elkartearen ustez, bizikleta eta garraio publikoaren arteko intermodalitatea sustatzeko, bizikletaren erabilera sustatuko duen plan bat aurreikustea beharrezkoa da. Atotxan bizikletentzako zerbitzu gune bat aurreikusi dutela jakinarazi dute; ez, ordea, Loiolako Erriberan. Txirrindulariak autobus geltokira bizikletaz hurbil daitezen, aparkaleku plaza nahikoa eskaintzea edota bizikleten mantenu, garbiketa eta zaintzarako gune bat egokitzea «nahitaezkoa» dela adierazi du Kalapieko presidenteak.

Loiolako Erribereko kokapenak, berriz, hiriko zirkulazioan «eragin txikiagoa» izango duela azaldu du, «hiriko sarrera eta irteera puntu nagusietako batean» kokatzen delako. Atotxako autobus geltokiak Urumea paretik igarotzen diren errepideetan «zirkulazioa aise handituko» lukeela ohartarazi du. «Zirkulazioari egunero geltokian sartu beharko duten autobusen karga gehitzen bazaio, bistakoa da zirkulazioan izango lukeen eragina», zehaztu du Gurutze Intxaurburuk.

Erdialdea

Kalapieko kideek ere kokapen bakoitzaren zentralitatea aztertu dute. Nahiz eta Atotxa Erdialdean bertan egon, inguruko auzo eta herrietatik Erdialdera iristeko egon daitezkeen aukerak aintzat hartu behar direla aditzera eman dute. Herritar guztien lotura «erraz eta eraginkorra» neurtzeko, beraz, EuskoTreneko zerbitzua ezin dela bazterrean utzi nabarmendu dute. «EuskoTreneko konexioa albo batera utziko bagenu, Donostiako mendebaldeko korridorearekiko (Usurbil, Lasarte, Orio, Zarautz, Zumaia…) eta Hendaiaraino ekialdeko korridorearen zati batekiko zentralitatea lortzeko aukera galduko genuke», adierazi du Kalapieko presidenteak.

Txirrindulari elkarteak, beraz, Loiolako Erriberako intermodalitatearen bidez lortzen den zentralitateari emango lioke lehentasuna. Erdialdea Loiolako Erriberatik Atotxatik baino urrunago dagoen arren, «distantziak txikiak» direla azaldu du Intxaurburuk: «Urumeako ibaiertzetik 15-20 minutu behar dira oinez eta bost minutu bizikletaz. Pio XIIko autobus geltokiraino iristeko, berriz, zazpi minutu beharko lirateke», azaldu du.

HITZAkide HITZAkide