Turismo bulegoan 4.419 bisitari artatu dituzte maiatzeko zubian
Aurreikuspen guztiak hobetu dituztela nabarmendu dute Donostia Turismoko arduradunek
Maiatzaren lehena asteartea izateak maletak hartu eta jai egunez berea ez den beste hiri batean gozatzeko aukera eman die askori. Makina bat izan dira jai egunez gozatzeko Donostia aukeratu dutenak eta «balantze positiboa» egin dute Donostia Turismoko arduradunek. Zehazki, 4.419 bisitari izan dira turismo bulegotik pasa direnak. Egutegiak dituen berezitasunengatik 2012ko datuok aurreko urteetako datuekin alderatzerik ez badago ere, aurreikuspen guztiak hobetu dituztela azpimarratu dute Donostia Turismoko kideek.
Igandean eta astelehenean gerturatu zen bisitari gehien. Igandean, 1.526 eta astelehenean, 1.422. Udan izaten diren datuen pare ibili direla jakinarazi dute; uztaila edo abuztuan turismo bulegoko informazio guneetara hurbiltzen diren bisitarien eguneko batez bestekoa 1.500 ingurukoa baita.
Jatorriari dagokionez, Madrildik etorritakoen gorakada azpimarratu dute. Bisitarien laurdena iritsi da Madrildik (1.058). Atzo Madrilen jai izan zenez, askok ez zuten zubi luzeari etekinik handiena ateratzeko aukera galdu. Madrildarren atzetik, Frantziatik eta Kataluniatik etorri da bisitari gehien. 802 bisitari Frantziatik (%18) eta 541 (%12) Kataluniatik. Amerikako Estatu Batuetako eta Kanadako 156 bisitari zenbatu dituzte. Nazioartetik heldutako turistak %40 izan dira, denera.

