Europako Zero Zabor mugimenduak batzarra egingo du datorren astean hirian
Paul Connett Saint Lawrence unibertsitateko irakasleak hitzaldia emango du hurrengo ostiralean udaletxean
Zero Zabor filosofia hobeto ezagutzeko aukera egongo da datorren astean hirian, mugimendu horren inguruan lanean ari diren adituak hirian elkartuko baitira maiatzaren 11tik maiatzaren 13ra. Europako hamar bat herrialdetako adituak hurbilduko dira eta herri horietan hondakinak nola kudeatzen dituzten ezagutu eta lankidetza harremanak sustatzeko balioko duela nabarmendu dute. Gaikako bilketa eraginkorrago bat lortzeko, ingurumenari kalte gutxiago egiteko eta ekonomia jasangarri baten alde lan egiteko proposamenak ezagutzeko aukera izango dutela azaldu du Joan Marc Simon Zero Waste Europe-ko koordinatzaileak.
Europatik etorritako adituek Hernani eta Usurbilen hondakin bilketa nola egiten den bertatik bertara ezagutuko dute maiatzaren 11n.
Udal eta mankomunitateetako ordezkari eta teknikariei bideratutako lan bilerak Aieteko kultur etxean egingo dituzte. Herritarrek, halere, Zero Zabor filosofiaren inguruko zalantzak argitzeko aukera izango dute maiatzaren 11n udaletxean egingo duten hitzaldian. New Yorkeko Saint Lawrence unibertsitateko irakasle Paul Connettek emango ditu hondakinik ez sortzeko herrialde desberdinetan ematen ari diren aurrerapausoen inguruko azalpenak.
Zero Waste Europeko koordinatzaileak adierazi duenez, kontsumitzen den material eta energia berriro erabili ahal izatea da Zero Zabor filosofiaren gakoa. Beste era batean esanda, merkaturatzen dena konpost bihurtu ala birziklatu ahal izateko aukera eskaintzea. Horretarako, ekodiseinuaren alde ari dira Euroapko hainbat hiritan lanean, sortzen diren produktuak zabortegian bukatu beharrean, berrerabilgarriak izaten jarri dezaten.
Zero Zaborraren alde egiten duten Italiako hainbat herritan %93 inguru birziklatu eta berrerabiltzera iritsi direla adierazi du Joan Marc Simonek.

