Aire Ahizpak, lehen lagunak
Lagunekin kantari-ren emanaldiak hartuko dituen areto berean, hau da, Larrotxene kultur etxeko ekitaldi aretoan aurkeztu zuten aurtengo aldia. Zehazkiago, hilaren 31 arte ikusgai izango den erakusketaren argazkien artean eman zituzten ekimenaren nondik norakoak Joserra Beloki eta Itziar Zamora IZBE-Intxaurrondo Kantuzeko kideek, Donostiako Udaleko Kultur eta Euskara ordezkari Nerea Txapartegik eta Larrotxene kultur etxearen zuzendari Agurtzane Aizpuruk.
Joserra Belokik azaldu zuenez, horiek guztiak bildu ziren aurkezpenean, «guztien elkarlanik gabe ezinezkoa izango zelako Lagunekin kantari hamaikagarren aldira iristea».
Funtsean kantaldi sorta da Lagunekin kantari, baina harago doa publikoaren parte hartzean oinarria duelako. Modu honetan Aire Ahizpekin, Pettirekin eta Itziar Zamora zein Donostia Kantuzeko kideekin abestu nahi duenak, aukera paregabea izango du datozen hiru astelehenetan, 19:00etan, Larrotxenen.
Ohi moduan kantari hauek emanaldiaren lehen zatian bakarka arituko dira, baina bigarrenean, publikoarekin batera jardungo dute. Belokik azaldu zuenez, hori posible egiten du aretoaren formak, eta ekimenaren helburuak: «Jendea auzora ateratzea eta kantatzen ongi pasatzea da eta».
Aire Ahizpak – Miren, Amaia eta Paxkalin– Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobak dira, eta hau ez da ekimenean parte hartuko duten lehen aldia. Izan ere, 2003. urtean ere izan ziren Intxaurrondon. Hego Euskal Herrian horren ezagunak ez diren arren, antolatzaileek diotenez, «oso estimatuak dira Iparraldeko kantaren berri dutenen artean». Beraiena izango da Lagunekin kantari-ren ohiko emanaldietan lehena; Pettirena izanik bigarrena astebete geroago.Itziar Zamorarena hirugarrena izango da, maiatzaren 21ean. Zamoraren emanaldiak izen berezia izan ohi du urtero: Etxekoekin kantari. Eta aurten inoiz baino etxekoiagoa izango da, abeslari gonbidatu bat baino gehiago izango delako, eta Donostia Kantuzen jarduten diren pertsonak izango direlako.
Ohiko programazioa ohi moduan bukatuko da: kantu jira eta kantu afariarekin. Maiatzaren 25ean izango dira biak, eta kalez kalekoan parte hartzeko ezeren beharrik ez dagoen arren, Artzak Ortzeok elkarteko afarirako txartelak aldez aurretik erosi beharko dira, 15 euroren truke.
Ekimen bereziak Hamaika zenbakiak euskaldunentzat duen esanahia dela eta, bi ekimen berezi txertatu dituzten aurtengo Lagunekin kantari-n. Jon Sarasuak emango duen Xabier Leterekin kantu-berbetan hitzaldi musikatua eta argazki erakusketa.
Sarasuak «kantaldi komentatua edo hitzaldi kantatua» emango duela aurreratu zuen Belokik. Leteren kanta eta pentsamendua eta bere garapena izango dituzte aztergai abestien eta musikaren laguntzaz.
Zenbaki berezia biltzen du bere izenean 11 urte Lagunekin kantari argazki erakusketak. Emozioak eta ekimenaren historia elkartu ditu Larrotxene kultur etxeko ekitaldi aretoan jarri duten bildumak.
Aurkezpenean Donostia Kantuzek eta Berria egunkariak ekainaren 3rako antolatu duten kantaldiaren berri aurreratu dute. Antzoki Zaharrean egingo den emanaldian Lagunekin kantari programan parte hartutako sei abeslari ezagun izango dira: Amaia Zubiria, Erramun Martikorena, Maddi Oihenart, Itziar Zamora, Pantxix Bidart eta Amaren Alabak, hurrenez hurren. Aurreko guztia jakinda, beraz, Lagunekin kantari-ren leloa den Entzuteko gustua, kantatzeko plazera beteko den zalantzarik ez da izango aurten.
Egitaraua

