Uholdeen aurka babestuko dute Martutene
Bere garaian, Martuteneri dagokion hirigintza plan orokorra etenda geratu zen. Abiadura Handiko Trena Donostiara nondik iritsiko zen jakin arte eten zuten plan orokorra Martutenen. Bilduk uste du gauza batek ez duela zertan bestea baldintzatu behar: “Orain arte kalte egin diogu bizilagunei hau etenda zegoelako”, esan du Ricardo Burutaran Etxebizitza eta Hirigintza zinegotziak.
Gaur indarrean jarri du auzoari dagokion plangintza. Horri esker posible izango da Ur agentziak uholdeen aurka babesteko planteatu dituen neurriak aurrera eramatea: Besteak beste Martuteneko zubi berria egitea, auzoa bi metro altxatzea eta Urumearen ubidea zabaltzea. Gainera, zubi berria egiteko eraitsi behar diren 65 etxebizitza botatzea ahalbidetuko du gaurko erabakiak. Udal gobernua auzotarrekin bilduko da hil honetan bere asmoen berri emateko.