Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute larunbatean
Plaza Haundin Lip Dub bat grabatuko dute eguerdian
Larunbatean Egia Euskaraz Eguna ospatuko dute. Hainbat jarduera egingo dituzte, baina Euskaraz Bizi Nahi dut leloaren inguruan prestatutako Lip Dub-a izango da ikusgarriena. Goizean hasiko dira prestatzen, Plaza Haundin, 11:00etan; eta eguerdian grabatuko dute. Egiako parkean hasiko da Lip Dub-a eta auzoko hainbat gunetatik pasako da. Egiako parketik, Konkorreneara, eta handik Tejeria kalera. Ondoren Karmengo Amaren kalera eta handik frontoira.
Egia Euskaraz Egunaren egitaraua diana batekin hasiko da, 11:00etan. Bazkaria egingo dute Plaza Haundin, 14:30ean. Txartelak Kata, Kosko, Fausto eta Ostotxo tabernetan daude salgai. Arratsaldean, 17:30ean, haurretzako bertso antzerkia egingo dute. Galtzagorriei, to, Iñaxito! antzezlana izango da ikusgai. 20:00etan erromeria egingo dute, eta 21:30ean Lip Dub-aren proiekzioa ikusi ahal izango da Plaza Haundin.