Ezkerretik eskuinera: Gas Natural Fenosa konpainiako komunikazio eta prentsa gabineteko zuzendari nagusi Jordi Garcia Tabernero eta Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinos. (Argazkia: Zinemaldia)
TVErekin batera, jaialdiari diru ekarpen handiena emango dio jaialdiari
Donostiako Zinemaldia krisiak eragindako zailtasunak gainditzen saiatzen ari da. Jose Luis Rebordinos zuzendariak aipatu du krisiak gogor astindu duela Zinemaldia. Euren gastu ahalmena %20 jaitsi da azken urteetan, eta 225.000 euro gutxiago jaso dituzte erakunde publikoetatik. Horixe da arrazoi nagusia sektore pribatura jotzeko.
Babesle ofizial berria lortu du aurten: Gas Natural Fenosa. Gaur sinatu dute hitzarmena jendaurrean Rebordinosek eta Gas Natural Fenosa konpainiako komunikazio eta prentsa gabineteko zuzendari nagusi Jordi Garcia Tabernerok. Garciak azaldu du konpainia Euskal Autonomia Erkidegora zabaltzen hasi dela, eta Zinemaldia aukera ona dela oihartzuna egiteko. Ez du diru kopururik aipatu, baina ekarpen “garrantzitsua” egin duela azaldu du.
Aurtengo 60. ekitaldiak, beraz, bi babesle ofizial izango ditu: Gas Natural Fenosa eta TVE. Bi horiek izango dira jaialdiari diru ekarpen handiena emango diotenak. TVE 2005. urtetik izan da Zinemaldiaren babesle ofiziala.
Bestalde, aste honetan jakinaraziko dituzte Zinemaldiko ziklo berriak. Zikloetako bat Georges Franju zinemagileari eskainiko ziotela iragarri zuten joan den urtarrilean. Eta laster beste biak plazaratuko dituzte. Ostegunean Eusko Jaurlaritzaren industria sailarekin hitzarmen bat sinatuko dute, eta ostiralean jakinaraziko dute ere aurtengo 60. ekitaldiko kartelak jantziko dituzten diseinuak.