Xabier Zubiri-Manteo Institutuko Merkataritza eta Marketin Kudeaketa zikloko ikasleek Gizalde eta boluntariotzaren garrantzia ezagutzera emateko ‘Ez horregatik-De nada’ kanpaina abiarazi dute.

Atzo, 'Boluntariotza gurpil gainean' ekimenean parte hartu zuten ikasleak, atsedenaldi batean. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Hamar urte baino gehiago dira Sagueseko Xabier Zubiri-Manteo Institutuko Merkataritza eta Marketin Kudeaketa ikasleek proiektu solidarioa burutzen dutela. Topaguneak izena du egitasmoak, eta amaitzear diren ikasketetan ikasitakoa praktikan jartzea du xede. Aldi berean, ordea, elkarte bati laguntzen diote. Aurten, Gizalde Gipuzkoako Boluntarioen Elkartean oinarritu dute lana.
Pasa den asteazkenean eskolak eten, eta buru-belarri eki zioten lanari ikasketak osatzear diren 32 gazteek. Moduluen eta zikloen irakaskuntzan ezarriko diren aldaketen ondorioz, Topaguneak-en azken urtea da. Horregatik, ikasleek pauso bat aurrera egitea erabaki dute. Hala dio koordinatzaile lana egiten duen Ander Pozasek. “Aurreko urteetan, irakasleek gehiago bideratu dute proiektua. Ekintzaile izatea sartu digute buruan, eta autonomo izate horretan, gure kabuz aritzea garrantzitsua da. Lana gainbegiratzen dute, baina ideiak gauzatu eta nola egin erabakitzen dugu”. Gainera, aurrekoetan baino denbora gehiago daramate lanean, ez baitira bi aste hauetara mugatu.
Martxoan ekin zioten gaia aukeratzeko lanari. Gaixotasun arraroen alde egitea pentsatu zuten, lehenik; baina hartu-emana izateko elkarterik ez zenez, alboratu egin zuten. Gaitz neuromuskularrak ere baztertu zituzten, “elkartekideekin harremanetan jarri ginen, baina ez zuten argi ikusten”. Pozasek eta beste bi koordinatzaileek elkartea topatzeko zereginarekin jarraitu zuten Aste Santuko oporretan; Gizalde aurkitu zuten arte. Hori izan zen hautatua. Pozasen hitzetan, “hainbat esparru ukitzen ditu, boluntariotza koordinatzea eta orientazio lana egiten dute zenbait alorretan”.
Nori lagundu erabakita, hainbat helburu finkatu zituzten, guztiak biltzen dituen xede pedagogikoaren barruan. “Ikasitakoa praktikan jarri behar dugu. Horrez gain, gaiari lotutako helburu nagusia Gizalde gizarteratzea da. Boluntariotza bera balioestea, eta boluntarioen egitekoa, nolabait, aitortzea”. Bi horiek lortuz gero, gainera, “alboko emaitza gisa, boluntario gehiago lortzea gerta liteke”.
Okendotik, Aquariumera
Horiek zehaztuta,
Ez horregatik-De nada kanpaina eratu dute. Hiru multzo osatu eta lana banatu zuten: komunikazioa, batetik; kale ekimenen antolakuntza bestetik; eta itxiera ekitaldiari dagozkionak, azkenik. Herritarrek boluntariotzaren garrantziaz kontzientzia hartzea helburu, ostirala arte, kalera irtengo dira. Informazio mahaiak jartzeaz gain, Boluntariotza gurpil gainean ekimena egingo dute egunotan. Ikasleek bizikleta nahiz patin gainean hiriko kaleak zeharkatuko dituzte prestatutako eskuorriak banatuz eta herritarrak ostiraleko jaira gonbidatuz.
Festa ere ohi baino handiagoa izango da. Okendo kultur etxean egin ohi zuten; aurten, berriz, Aquariumen izango da. Twitter, Facebook… bidez hainbat pertsona ezagunen laguntza jaso dute ekitaldian izan edo bertan erakutsiko diren irudietan agertzeko: Andoni Agirregomezkorta, David de Jorge, Xabier Euskitze, Ze Esatek!, Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodriguez… Realeko eta GBCko jokalariekin hizketan ari dira eta Martin Garitano ahaldun nagusia joan dadin ere saiatzen ari dira. Gizaldekoek ez dute hutsik egingo. Hala, Aquariumeko areto nagusiaren 130 eserlekuak betetzea espero dute. Ekitaldia, 13:30ean hasiko da, eta irekia da.
EKIMENAK
- Gaur, maiatzak 8. Informazio mahaia Bretxan eta Gipuzkoa plazan, 10:00etatik 13:00etara. Boluntariotza gurpil gainean Erdialdean, 11:30ean.
- Bihar, maiatzak 9. Informazio mahaia, Grosen eta Gipuzkoa plazan, 10:00etatik 13:00etara. Boluntariotza gurpil gainean Gros-Amara, 11:30ean.
- Etzi, maiatzak 10. Informazio mahaia, Grosen eta Gipuzkoa plazan, 10:00etatik 13:00etara.
- Ostirala, maiatzak 11. Trikipoteoa, Bulebarretik, 11:30ean. Ekitaldia, Aquariumen, 13:30ean.