18 urteko zigorra eskatu dute Karmeldarren elizan haurra utzi zuen emakumearentzat
Gipuzkoako Fiskaltzak urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du joan den urtarrilaren 29an Amara Zaharreko eliza batean bere haur jaioberria utzi zuen emakumearentzat. Urtarrilaren 25ean erditu zen Donostia Ospitalean, eta handik bost egunera alta eman zioten. Fiskaltzaren arabera, egun berean, auzipetuak poltsa batean sartu zuen haurra, eta Amara Zaharreko Karmeldarren elizan utzi zuen, jaioberria identifikatzeko agiririk gabe.
Fiskaltzak dio auzipetua haur jaioberriaren zaintzaile bakarra zela, eta arrisku egoeran utzi zuela. Bestalde, Barne Sailak urtarrilaren 29an esan zuen emakumeak haurra utzi izana aitortu zuela. Emakumeak haurra zaintzeko baliabide ekonomikorik ez zuela esan zuen. Barne Sailaren arabera, eskale batek aurkitu zuen haurra eliza barruan. Eskaleak Easoko tren geltokiko segurtasun agenteei eman zien, eta haiek Ertzaintzari dei egin zioten.
Gipuzkoako Aldundiak, haurra behin behineko babesgabetasun egoeran zegoela eta, harrera familia baten esku uzteko prozesua abian jarri zuen. Fiskaltzak dio emakumeak haurra utzi zuela, eta adin txikiko pertsona bat uztea delitua dela, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du auzipetuarentzat.