Eva Salaberria: «Herritar asko dago erronka berri bati ekiteko gogoz»
Energia eta sormenez beteriko 200 olatu baino gehiago sortuko dira asteburuan. Urumean barrena, hiriko bazterrak ez ezik, lurraldeko beste hainbat txoko ere bustiko ditu Olatu Talka jaialdiak.
Donostia 2016 ekimenarentzat asteburu garrantzitsua izango da ondorengoa. Hirugarren Olatu Talka jaialdiarekin batera, bihartik aurrera hautagai izateari utzi eta, ofizialki, Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburu izendatuko dute Bruselan. Ostiraletik igandera luzatuko den jaialdia «superprodukzio bat» izango dela adierazi zuen atzo Eva Salaberria Donostia 2016 bulegoko koordinatzaile-kudeatzaileak (Loiola, 1964), Olatu Talka osatu duten eragileekin batera San Telmo museoan egindako aurkezpenean. Hollywood estilora baino, Donostia 2016 estilora egindakoa izango da, sorkuntza profesional eta amateurrean lanean ari diren eragileen parte hartze eta energiarekin mamitutakoa izan baita.
-200 ekitalditik gora izango ditu Olatu Talkak.
-Nahi beste ekimen egongo da. Publikoak gozatzeko emanaldiak izango dira batzuk: Antiguan egingo den Bilintx sasipastorala, kontzertuak, dantza ikuskizunak, moda desfileak… Beste batzuk ekitaldian parte hartzeko aukera eskainiko dute. Hala nola, munduko sukaldaritza tailerretan parte hartu eta Urumean barrena –gondolina edo bizikleta hartuta– ibiltzeko aukera egongo da. Ekitaldi horien guztien atzean, 3.000 lagun baino gehiagoren lana dago.
-Urtetik urtera ekimen originalak prestatzea zaila izango da, ezta?
-Egiten diren jarduera horiei, beste espazio batean edota beste kide batzuekin egiten delako, buelta bat ematen saiatzen gara. Ondo egiten dugun hori erakustea edonori gustatzen zaio. Erosotasun hortatik ateratzea, ordea, zailagoa da beldurrak sortzen direlako. Gure lurraldean, baina, herritar asko dago erronka berri bati ekiteko gogoz. Aurten, balio batzuk jarri ditugu mahai gainean eta balio horiekin jendeari errazagoa egin zaio proposatzen duten horri buelta bat eman eta proiektu kulturalean txertatzeko.
-Zein da balioen (TRANS, GERO, KOOP, NET, POP…) helburua?
-Donostia 2016 proiektuak zer nolako ekimenak bultzatu nahi dituen erakusteko modu bat da. Balio horiek, ordea, ez ditu Donostia 2016 bulegoak sortu, gure gizartean daude. Bulegoak gizartean dauden balio, ideia eta erronkak jaso, ordenatu, eta horrekin proiektu bat egituratu du. Lehentasun gehien duten balioak hautatu ditugu eta bide bat egin dugu. Askorentzat izenak arrotzak izango diren arren, eguneroko bizitzan gertu dituzten balioak direla konturatuko dira. Horiekin, beraz, proiektu kulturala bideratu dugu dimentsio europar batean.
-Olatu Talkak Donostiako mugak gainditu ditu aurten.
-Lurraldera zabaltzea izan da aurtengo erronka eta oso pozik gaude emaitzarekin. Tolosan, Elgoibarren, Errenterian, Orion, Bilbon, Baionan… Harreman berriak sortu dira eta proiektu hau lurralderako aukera bat dela ikustea oso garrantzitsua da.
-Non sortu dira harreman berriak?
-Donostiako Musika Eskolak, esaterako, 2016ko aitzakiarekin, inguruko musika eskolekin duen harremana indartu du. Donostia 2016 bulegoa eragile bat gehiago da. Guk aukerak errazten ditugu, meritua, baina, partekatua da. Gure helburua harreman horiek autonomia batekin sortzea da, desagertzen garenean ekimen horiek modu naturalean gerta daitezen.
-Olatu Talka Urumeari begira jarri da, halaber.
-Donostia irudikatzen dugunean, beti Kontxa eta, gainera, Kontxa itsasoari begira izaten den ikuspegia nagusitu ohi da. Ikuspegi hori aldatzea proposatu dugu. Hiriari begiratzeko beste modu bat dagoela erakutsi nahi dugu. Bizirik dauden eta erakargune izan daitezkeen beste gune asko baitaude. Europako hiri ia guztietan ibaia da erdigune gauza askotarako.
-Olatu Talkak, era berean, 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren izendapen ofizialarekin egingo du bat. Ospakizun berezirik antolatu al duzue?
-Izendapen ofiziala ostegunean izango da, baina noiz izango den zehazki ez dakigu. Horregatik, hurrengo egunean egingo dugu ospakizuna, Olatu Talkaren hasierarekin batera. Goizean izango da Santa Klaran eta kai inguruan.
-Krisia, murrizketak eta bestelako albiste txarren gaindosiaren aurrean, Donostia 2016k ez al luke herritarren artean ilusio handiagoa piztu behar?
-Garai aldaketa baten aurrean gaudela uste dut, eta inoiz baino zentzu handiagoa du egoera honetan hezkuntza eta kulturaren alde egiteak. Proiektu honek galderak jartzen ditu mahai gainean eta aukerak proposatu nahi ditu galdera horiei erantzuteko. Erantzun horiek kultura eta hezkuntzatik eman nahi dira, irtenbide berriak behar baititugu hemen, Europan eta mundu osoan. Konponbideak, gainera, egunerokotasunean bila daitezke: auzoetan, elkarteetan… Horiek guztiak konektatzen baditugu erronka edo arazo potolo horiei erantzuna topa diezaiekegu.
-Dinamizazio ekonomikoa eragingo al du?
-Proiektuak dimentsio ekonomiko garrantzitsu bat du. Donostia Sustapenarekin zein aukera sor ditzakeen aztertzen ari gara egun. Sorkuntzak eta negozioak elkarrekin ezin dutela aurrera egin ematen du; jarduera ekonomikoa sortzeko ahalmena dute, ordea. Teknologia eta zientziarekin berrikuntza garatu den bezala, sormenarekin ere bide bera jorra daiteke.
-Zer da, azken batean, Donostia 2016k lortu nahi duena?
-Esaterako, antzerki konpainia bat eta puntako teknologia lantzen duen enpresa bat elkarlanean aritzea; konpainia horretako sortzaileek enpresa horri sorkuntza prozesuan ideiak proposatzen laguntzen diotelako. Ordiziako, Donostiako eta Estrasburgoko eragile bat elkarlanean aritzea edota erabat normala izatea ideologia eta kultura desberdina duten pertsonak elkarrekin egitasmoak aurrera ateratzea. Harreman horietan normaltasuna nagusitu beharko litzateke.
-Eta maiatzaren 14tik aurrera zein pauso emango dituzue?
-Planifikazioarekin aurrera jarraituko dugu. Fundazioa ere berehala sortuko dugu. Lantaldean, gainera, aldaketak egongo dira –Ainara Martin Donostia 2016 bulegoko zuzendari artistikoak dimisioa ematea erabaki zuela argitara atera zen elkarrizketa egin eta gero– beharrak eta helburuak desberdinak direlako. Fase bakoitzean lantaldea proiektuaren beharretara egokitu behar da. Normala da horrelako proiektuetan aldaketak egotea eta hori ere lantzen ari gara asteotan.


