Donostia 2016 proiektua batasunaren adibide garbia dela dio alkateak
Herritar guztiei ongietorria egin diete Juan Karlos Izagirre alkateak, Ikerne Badiola Kultura diputatuak, Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Donostia 2016 bulegoko Eva Salaberria eta Santi Erasok.
Donostia Europako Kultur Hiriburu bihurtu dela ospatzeko elkartu diren herritar, eragile eta agintariekin argazki erraldoia egin berri dute Nautikoan. Juan Karlos Izagirre alkateak, Ikerne Badiola Kultura diputatuak, Blanca Urgell Kultura sailburuak eta Donostia 2016 bulegoko Eva Salaberria eta Santi Erasok egin diete bertan bildutako herritar guztiei ongietorria.
Juan Karlos Izagirrek herritar guztiak zoriondu ditu eta hiri nahiz lurraldearentzat “aukera paregabea” dela nabarmendu du. “Parte hartzea ardatz” duen proiektua dela esan du eta “batasunaren adibide garbia” dela zehaztu.
Ikerne Badiola diputatuak, berriz, ofizialtasunak “lanari gogor ekiteko garaia” abiarazi duela azaldu du. Donostia 2016 egitasmoa, gainera, krisi bete-betean harrapatu arren, “estuasuna aukera egiteko” deia luzatu du Kultura diputatuak. Gipuzkoako eta Euskal Herriko proiektua dela eta denek “traineru berean, arraunak tinko, helmuga gure bandera” dela esan du.
Herritar guztiek, beraz, “erantzukin handia” dutela aurretik erantsi du Blanca Urgell Kultura sailburuak. Urgellek, gainera, ametsa egia bihurtzen lagundu duten bi ordezkari nabarmendu ditu: Odon Elorza eta Santi Eraso.
Eragile, agintari eta herritar ugari bildu dira ospakizunean. Kepa Korta, plan estrategikoko zuzendaria; Mikel Mate, Udal Musika Eskolako zuzendaria; Kutxako ordezkariak; Club Vasco de Camping-eko kideak; Hegalak Fundazioa; Gorka Ramoneda, GBCko presidentea; Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendaria; eta Vicente Zaragueta, Aquariumeko presidentea.



