Udalak San Telmo museoko lanengatik espero baino bost milioi gehiago ordaindu ditu
Hurrengo urteetako inbertsioen gastua gertutik zaintzeko beharra plazaratu du PPko Iñigo Arcauzek
San Telmo museo eraberrituaren urteurrenarekin batera bukatu zuen udalak berritze lanak ordaintzeaz. Udal aurrekontuaren kontrolerako batzordeak lan horien likidazio txostena aztertu du eta, batzordeko presidente eta PPko udal taldeko ordezkari Iñigo Arcauzek jakinarazi duenez, aurreikusitakoa baino bost milioi euro gehiago ordaindu behar izan ditu udalak museoa eraberritzeagatik. Horrelakorik ezin dela onartu eta aurrerantzean burutzen diren inbertsioen bilakaera gertutik jarraitu beharra dagoela ohartarazi du.
San Telmo museoko lanen likidazio txostenak obra 12.615.213 eurogatik esleitu zela dio. Azkenean, ordea, uste baino garestiagoa izan da ordaindu beharrekoa, 4,2 milioi euro gehiago bideratu behar izan dituelako udalak. Alegia, esleitutakoa baino %33,42 gehiago.
26 hilabeteko atzerapena
Lanak iaz amaitu zituzten; egitasmoa abian jartzeko proiektuak, ordea, zazpi urte lehenago abiarazi zituzten. Hasierako proiektu eta azterketekin gastatzea aurreikusi zutenak, bada, ez du azkenean gastatu dutenarekin antz handirik, %56 gehiago ordaindu behar izan dutelako. Antzera gertatu da epeekin ere. Esleipenaren arabera, 2009ko ekainerako egon beharko luke San Telmo museoak zabaltzeko moduan. Bukatu, ordea, 2011ko abuztuan bukatu zituzten lanak. Hau da, hasieran finkatutakoa baino 26 hilabete beranduago.
Udal aurrekontuaren kontrolerako batzordeak aztertuko duen hurrengo proiektua Intxaurrondoko kiroldegi eta kultur etxearena izango da. Proiektu horretan esleitu eta ordaindutakoaren artean, San Telmon bezala, aldeak «parekoak ala handiagoak» izango direla jakinarazi du Iñigo Arcauzek PPko zinegotziak.

