Emakumeen osasun eskubideen alde, kilometro bat
Hiriko hainbat elkartek babestu dute Haurralde Fundazioak hilaren 27rako deitu duen aldarrikapen ekimena.
Emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen alde, Emakumeen Osasunaren Aldeko Ekintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da hilaren 28an. Horren harira, Haurralde Fundazioak kilometro bateko manifestazioa deitu du bezperan. Emakume latinoamerikarrek eta karibetarrek sustatutako aldarrikapen egunak 25 urte beteko ditu aurten, eta “Hegoaldeko herrialdeetako emakumeentzat data garrantzitsua izan arren, Iparraldekoetan ez dute kontuan hartzen”, azaldu zuen Haurraldeko Patricia Poncek. Agenda feministan egun hori barneratzea eskatzeko, eta Hegoaldeko emakumeei elkartasuna erakusteko asmoz orain urtebete mobilizazioa egitea bururatu zitzaien. Arrazoi horiei, ordea, beste bat gehitu zaie:osasun alorrean aurreikusi diren murrizketak. “Osasuna osoki babestu behar den eskubidea da. Murrizketak alor guztietan egin daitezke, baina ez osasunean. Emakumeen osasuna bere osotasunean ikusi behar da”, adierazi zuen Ponzek.
Aldarrikapen horiek aintzat hartuta, hilaren 27an, kalera irtengo dira. Anoetan elkartuko dira eguerdiko 12:00etan, eta handik, Mendeurren plazaraino joan-etorria egingo dute. Ekintza amaitzeko festa xumea egingo dute. Antolatzaileen nahia ibilbidea familian eta jai giroan egitea da. Adineko emakumeek nahiz elbarriek parte hartzeko oztoporik izan ez dezaten, toki lasaia eta ibilbide laburra aukeratu diztuzte. Hori prestatzeko, besteak beste, Amara Osinagako bizilagun elkartearen edo Bera Bera kirol elkartearen laguntza izan dute.Halaber, jada, 400 bat lagunek eta 40 bat elkartek babesa eman diote. Pankarta esaterako, kirol egokituko kideek eramango dute.
Manifestazioaz gain, bestelako ekitaldiak ere antolatu dituzte. Hala, hilaren 26an erakunde feministetako kideek tailerra egingo dute San Telmo Museoan, 15:30etik 19:00etara bitartean. Egun berean, Teresa Calo aktore donostiarrak Haurralderen babesarekin idatzitako Zertan ari gara? antzezlanaren emanaldia egingo dute Intxaurrondo kultur etxean, 20:00etan. Bestalde, hilaren 28an eta 29an Sare feministen I. jardunaldiak gauzatuko dituzte Kursaalen.


