Ibon Sarasola: "Hasiera-hasieratik ikusi nuen euskarak estandar bat behar zuela, normalizazio bat. Bestela, gureak egin zuen"
«Euskararen batasuna posible egin zuen belaunaldiari» eskaini dio Ibon Sarasola euskaltzainak (Donostia, 1946) Euskadi Ikerketa Saria. Atzo jaso zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen garaikurra. Hemen, Berria-n egindako elkarrizketaren pasarte batzuk:
“Saria nik jasoko dut, baina ez da soilik nirea. Euskararen batasuna posible egin zuen belaunaldiari eskaini nahi diot. Oso harro nago belaunaldi horretako parte izateaz. Uste dut lehen aldiz belaunaldi batek bere eginkizuna bete zuela, eta txukun bete zuela, gainera”.
“Nik uste dut euskalkiek haien lekua dutela, baina ahozko hizkuntzan. Nik, adibidez, ez dut imajinatzen neure burua semearekin euskara batuan hitz egiten. Idatzian, ordea, ez diet aparteko tokirik ematen. Hizkuntza konpetitiboetan, euskalkien gisakoak pixkanaka desagertzen ari dira”.
“Gaur egun, euskara ere gaztelania eta frantsesa bezain batua dago ia. Nik uste, egun, arazoa gehiago dela euskarak gizartean duen pisua. Garai bateko militantzia hori galduz joan da. Horri lotuta nabarmenduko nuke ezagueraren militantzia. Euskaltzaindiak, adibidez, egunero ematen ditu arauak, eta jakingarriak diren liburuak ere argitaratzen dira; baina batzuk planto egiten ari dira. Irakasleez ari naiz, kazetariez… Ez diote garrantzirik ematen ezaguera eguneratzeari, baina funtsezkoa da horretan jarraitzea; gainontzean, kalte egiten ari gara euskara batuari. Euskararen batasuna gauza serioa da”.