Txuriurdinak janzteko garagardoak
Hiru egun gelditzen dira azokaz gozatzeko. Gaur, ostirala, 18:00etatik 24:00etara; bihar, 12:00etatik 24:00etara; eta etzi, 12:00etatik 23:00etara. Denbora horretan guztian, 35 garagardo mota, freskagarriak, saltxitxa eta ukondoa dastatu ahal izango dituzte bisitariek. «Begetarianoek zorte txarra izan dute», azaldu du Nagore Alkarreta Txirritako Txuriurdinak lagunarteko kideak. «Antolatzen dugun lehen urtea da, eta sinplera jo dugu».
Hala eta guztiz ere, Herrerako lehen garagardo azokaren atzean lan eskerga dago. Iazko urrian hasi ziren prestaketa lanetan, eta urteetan Intxaurrondoko garagardo festa antolatu duten Intenacional kirol elkarteko hainbat kideren laguntzaz iritsi dira aste honetako ekimenera. Alkarretak dio Intxaurrondokoek azoka antolatzeari utzi eta gero hutsunea ikusi zutela, eta «danborradarako diru pixka bat ateratzeko aukera, eta Larratxon zerbait egitea» zegoela ikusi zuten.
Saiakera horretan jende ugari murgildu dute antolatzaileek. Azoka egunetan soilik, 10 lanerako txanda antolatu dituzte. «Bakoitzean 20 pertsona gutxienez, eta gero badaezpadako batzuk daude».
Egun jendetsuenak iristear dauden arren, pozik daude antolatzaileak orain arte izandako erantzunarekin. «Beldur nengoen, baina, beste auzoetan dezente landu dugu publizitatea, eta Anoetan esku orriak banatu ditugu». Izan ere, Txirritako Txuriurdinak Realaren lagunartea baita; horrexegatik, azokatik pasatu dira, dagoeneko, Iñigo Martinez eta Markel Bergara jokalariak. «Markel da gure lagunartean animatzen dugun jokalaria», nabarmendu du futbolzaleak.
«Girotxoa sortzea», gogoan Lagunartekoaren danborradako jantziak berritu nahi dituzte antolatzaileek azokan irabazitako diruarekin. Ez hori bakarrik, ordea. Ekimen honekin Larratxo inguruan «girotxoa sortzea» ere badute gogoan. Horrela gertatzen ari dela dirudi. Miguel Elespe auzotarrari, esaterako, primeran iruditu zaio ekimena. «Gu hementxe bizi gara, eta zerbait hartzera jaitsi gara. Oso ondo dago horrelako zerbait auzoan bertan izatea, gainera garagardo aukera zabala dago!».
Azokaren berri Anoetako esku orrien bidez izanik, auzoetan jarritako kartelen bidez jakinda edo frontoiari darion saltxitxa usain ederrak erakarrita, bizilagunak eta gainontzeko donostiarrak pozik geldituko dira bertan dastatuarekin. Primerako plana, beraz, asteburuko otorduren bat Txirritako Txuriurdinak lagunarteari lagunduz.



