Igarotako bidearen kronologia bat

Zorigaiztoko egun hura

Gernikako bonbardaketaren inguruko erakusketa jarri dute Ceinproko ikasleek Ernest Lluchen

Bonbardaketa gertatu aurreko azoka eguna, eta ondorengo txikizioa irudikatu dituzte. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena oroituz, Gernika: kontatzeko modu desberdinak, sentimendu bera izeneko erakusketa osatu dute Ceinproko ikasleek eta irakasleek. Urtero bereganatzen dute Ceinprokoek Ernest Llucheko erakusketa aretoa, gai bereziren bat aukeratuta. Hala, ikasleek lan mundura gerturatzeko aukera izaten dute, eta euren lanak hirugarren pertsonen iritziak jasotzeko balio die. Guztira, 200 bat lagunen artean osatu dute lana: 150 ikasle, 20 irakasle, eta eskolako beste hainbat kide. Ceinproko Luis Aldasoro zuzendariak eta Adela Rojo irakasleak prentsarentzako aurkezpena egin zuten atzo goizean, eta erakusketaren nondik norako zehatzak eman zituzten. «Zoragarria da Ernest Lluchekoekin lan egiteko aukera izatea. Gainera, ekimen hau gogo biziz egiten dugu, gure lana kalera ateratzeko era bat baita», aipatu zuen Aldasorok. Aurreko urteetan, fregonaren 50. urtemuga, Berlingo harresiaren erorketa edo Fortuna kirol elkartearen mendeurrena bezalako gaiak landu dituzte. Aldasorok esandakoaren arabera, ordea, gaiak gizartearekin lotura handiagoa izaten duenean, ikasleen erantzuna orduan eta hobea izaten da. «Aurten, ikasleek oso gustura parte hartu dute, Gernikako bonbardaketa oso gurea den gaia baita», gehitu zuen Aldasorok. Azken batean, gaiaren aukeraketa Ceinproren hezkuntza helburuekin bat datorrela esan zuten; gazteei Euskal Herriaren Memoria Historikoa gogoratzeko modu bat baita. Gernika, abiapuntutzat Adela Rojok erakusketaren zatiak azaldu zituen. «Erakusketara iristean, Gernikako merkatu egun hura ikus daiteke, eta ondoren, bonbek suntsitutako Gernika», azaldu zuen Rojok. Gainera, irudikatu dituzten bi eszenetan, Gernikako arbola ikus daiteke albo batean. Ondoren, denetik bildu dute, Picassoren Gernika koadroa erliebean, eta bere inguruko komiki bat, egungo gizarte arazoak islatzen dituen Gernika berezia… Margolanak, argazkiak, soinua, irudia eta bestelako material ugari erabili dituzte gertaera gogor hura gaitzesteko. Erakusketa
  • Zer. Gernika: kontatzeko modu desberdinak, sentimendu bera.
  • Noiz. Ekainaren 23a arte. Astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30era; eta larunbatetan, 17:00etatik 21:00etara.
  • Non. Amara Berriko Ernest Lluch kultur etxean.
  • Sarrera. Doan.
HITZAkide HITZAkide