Igarotako bidearen kronologia bat

Gaur hasiko da Asier Lavandera hilketaren inguruko epaiketa

Fiskalak 14 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatuko du; sendiak, berriz, 25 urtekoa
Asier Lavanderaren hilketaren inguruko epaiketa gaur hasiko da Iruñean, Nafarroako auzitegian; ostirala arte luzatuko da. 2010eko urtarrilaren 16an Lekunberriko Mao Mao Beach dantzalekuaren kanpoko aldean hil zuten Lavandera, 21 urtekoa. Intxaurrondon jaio zen Lavandera. Altzan ere ezaguna zen bere gurasoak El Quijote tabernako jabeak baitira. Hilketarekin zerikusia zutelakoan, lau gazte atxilotu zituzten, eta epaileak horietako bat espetxeratzeko agindua eman zuen. Geroago, Lavanderaren familiak jakinarazi zuen gazte horrek lehendik kartzelan behar zuela, aurretik egindako bi delituren ondorioz. Gaur hasiko den epaiketan “akats judizialik” ez egotea espero du familiak. Hilaren 25era arte iraungo du epaiketak. Fiskalak 14 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatuko du ustezko hiltzailearentzat, Sergio Fernandezentzat; Lavanderaren sendiak, berriz, 25 urteko zigorra eskatuko du. Aitak “justizia” eskatu zuen larunbatean, eta ustezko hiltzaileari “zigor handiena” ezartzearen alde agertu zen.  “Gizartearentzat ona izango da zigorra ahalik eta gehien luzatzea, irteten denean, beste familia bat hondatuko baitu”, adierazi zion Manuel Lavanderak Efe berri agentziari. Aitak, Manuel Lavanderak onartu zuen familiak “urduritasunez” bizi duela epaiketaren unea, guztia berriro gogoratzeak “min” egingo dielako. Hala ere, itxaropentsu daude epaileek har dezaketen erabakiarekin.
HITZAkide HITZAkide