Dagoeneko zabalik dago Piraten Musika Lehiaketarako izen ematea
Finalerdietarako sailkatzea lortzen duten hiru taldeek zuzenekoa eskainiko dute Kaian, Aste Nagusian
Aste Nagusian bertako talde gazteek merezi duten lekua lortzeko asmoarekin, Donostiako Piratek bosgarren musika lehiaketa antolatu dute. Donostia eta inguruetako herrietako musika taldeentzako lehiaketa da. Hau da, Donostia, Pasaia, Errenteria-Orereta, Lezo, Oiartzun, Andoain, Hernani, Astigarraga, Usurbil eta Lasarte-Oria-ko musika talde hasiberrientzako egitasmoa da. Beraiek ekoiztutako maketa edo disko bat izan dezake gehienez taldeak. Eta hizkuntzari dagokionez, euskaraz abesten dutenek lehentasuna izango dute. Parte hartzeko, talde bakoitzak gutxienez hiru abesti eta taldearen informazioa bidali behar ditu izanpirata@gmail.com posta elektronikora, ekainaren 3a baino lehen. Aurkezten diren taldeetatik bederatzi hautatuko ditu epaimahaiak finalerdietarako, eta hiriko hainbat txokotan zuzenekoak emango dituzte. Ondoren, hiru talde hautatuko dituzte, eta Donostiako Piraten Aste Nagusian kontzertua emateko aukera izango dute, kaian.

