Itsaso Gutierrez: "Emakumearen inguruko hainbat gaietaz hitz egin nahi nuen bereziki"
Itsaso Gutierrez, Musikaria
Itsaso Gutierrezen musika proiektu berria da On; larunbatean emango du taldeak lehen kontzertua, Groseko Kortxoenea Gaztetxean.
Beizaman dauka On musika taldeak entseatzeko txokoa, bertan bizi baita egun Itsaso Gutierrez (Gros, 1978). Gutierrezek sortutako rock melodikoa da taldearen oinarria, bera baita abestiak sortu dituena, eta gitarra eta ahotsa jartzen dizkiena. Ibai Suarez baxu-jotzailearekin eta Denis Alberdi bateriarekin batera, musika hirukotea osatzen du. Taldearen berri zehatzagoa jaso du IRUTXULOKO HITZAk Gutierrezen eskutik.
1998tik zabiltza musikan murgilduta, Jauko barik, Keike eta Xarma taldeekin. Nondik nora sortu duzue On?
Xarma taldearekin, 2011ko azaroan atera genuen diskoa, Durangoko Azokarako. Gerora, ordea, arazo pertsonal batzuk tarteko, taldea desegin egin zen. Beraz, bertako bateria eta ni, beste baxu-jotzaile batekin elkartu ginen, aurrera jarraitzeko. Xarman batez ere Jon zen abesten zuena, eta nik banituen aspalditik sortutako abesti batzuk gordeta. Gogoa nuen abesti horiekin zerbait egiteko, eta On sortu genuen. Bateria jotzen duena, Denis, Keiketik ezagutzen nuen, eta Xarman ere aritu zen gurekin. Beraz, aspalditik gara lagunak.
Noiztik zabiltzate elkarrekin orduan?
Ideia aspalditik nuen barruan. Xarmako banaketa gertatu eta hilabetera hasi ginen oraingo hirukotea elkartzen, urtarrilean. Sekulako ilusioa dugu, eta ea zer etortzen den.
Zer nolako musika mota egiten duzue edo zer da On bereizten duena?
Zaila egiten zait musika estiloak etiketatzea. Hala ere, gurea rock melodikoa dela esango nuke. Abestiak nahiko rockeroak dira, baina ahotsa oso melodikoa da. Gero, berritasun moduan, esango nuke, abestiak nik sortzen ditudala. Izan ere, Euskal Herriko rock mugimenduan emakumeak egon badaude, baina abestiak sortzen dituztenak gutxi dira. Nik, esaterako, urte asko daramatzat musikan, baina oso emakume gutxirekin egin dut topo oholtza gainean edo mundutxo honetan. Emakume abeslariak topatu izan ditut, eta baina baxu-jotzaileak, baina taldea eramaten duena, edo guztia mugitzen duena gutxitan izaten da emakumea. Beraz, berritasun moduan ikusten dut, abestiak nik egiten ditudala. Emakumeek musika sentitzeko dugun era gizonezkoenaren antzekoa da, baina aldi berean, desberdina.
Abestietako hitzak ere zureak dira.
Bai, nire ikuspegitik sortutakoak dira. Emakumearen inguruko hainbat gaietaz hitz egin nahi nuen bereziki. Iruditzen zaidalako rocka haserrea edo ezinegona adierazten duen estilo bat dela, eta Euskal Herrian bereziki rocka gizonezkoek lantzen dutenez, gai asko oso orokorrak dira. Emakume guztiok baditugu antzeko sentimendu batzuk, kezkak edo konplexuak; horietan ahalik eta gehien oinarritzen saiatu naiz: tratu txarrak, bulimia, beste batzuengatik gure ametsak bete gabe uzten ditugula… Azken batean, emakumezko ikusleengana ere iritsi nahi dut.
Zergatik On?
On hitza zerbait baikorra da, eta bizitza baikortasunez hartzea oso garrantzitsua da. Gainera, on egoteak esna egotea esan nahi du, edozein arazoren aurrean erantzutea. On edo erne bazaude, arazoari aurre egiteko indarra errazago lorten duzu. On-off eta on-txar hitz jokoa erabiltzea polita iruditu zitzaigun.
Diskorik ateratzeko asmoa baduzue?
Momentuz hamar abesti ditugu, eta uztailean horiekin diskoa kaleratu nahi dugu. Taldearen lehen diskoa izango denez, On izango du izena, bestelako izenburu berezirik gabe. Bilbon grabatuko dugu diskoa, Xanpe teknikariaren Koba estudioan; Gu ta gutarrak, Rafa Rueda, Berri Txarrak eta beste hainbat talderekin lan egin izan du. Nik hainbat urte daramatzat musikan eta hainbat teknikarirekin grabatu izan ditut diskoak, baina justu honekin ez, eta banuen gogoa. Bere lana oso gustuko dugu eta oso apustu polita izango dela uste dut.
Nolakoa izango da larunbateko kontzertua?
Diskorako prestatu ditugun hamar kantak joko ditugu. Bestetik, Xarma taldearekin nik lau abesti abesten nituen, nik sortutakoak, eta oraingo kontzertuetan ere joko ditugu. Jendea kontzertura animatu nahiko nuke, gure taldea ezagutzeko. Aspaldiko musikariak garen arren, oraindik ilusioa mantentzen dugu; eta hori oso zaila izaten da. Behin zure bizitza bideratua duzunean, ez da erraza izaten indarrarekin eta lan egiteko irrikaz jarraitzea. Uste dut gure gogoa zuzenekoetan nabarituko dela. Musikan hainbeste urte eman ostean, talde berria sortu eta kontzertua iritsi arteko egunak zenbatzen aritzea sekulakoa da.
Kontzertu gehiago ere hitzartuak dituzue dagoeneko?
Ekainaren 1ean Eskoriatzan izango gara, eta ekainaren 9an Zarauzko gaztetxean. Udarari begira, webgunea prest izan nahi dugu hilabete hau bukatu aurretik, onmusika.com, eta ea zuzeneko gehiago lotzen ditugun.
Kontzertua
- Zer. ON taldearen kontzertua.
- Taldekideak. Groseko Itsaso Gutierrez (gitarra, ahotsa), Bermeoko Ibai Suarez (baxua), eta Berrizko Denis Alberdi (bateria).
- Noiz. Maiatzak 26, larunbata, 21:00etan .
- Non. Groseko Kortxoenea gaztetxean.
- Sarrera. Doan.


