«Lotsagarria da batzordeari erabilera alderdikoia ematea», dio Gomezek
PPko zinegotziek Giza Eskubideen Udal Batzordean parte hartzeari uztea erabaki dute
PPko ordezkariek Giza Eskubideen Udal Batzordean parte hartzeari utzi diote. Ramon Gomez PPko bozeramailearen iritziz, «lotsagarria da batzordeari erabilera alderdikoia ematea». Era berean, «ez da –Gomezen ustez– etikoa ezta onargarria ere giza eskubideen batzordeko presidente dena terrorismoa gaitzetsi gabe jarraitzea».
Batzordeak, gainera, Aieteko Adierazpena sustatu duten Nazioarteko Harreman Taldeari Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea erabili ahal izateko sinatuko duten hitzarmena aztertuko du gaur eta popularrak ez datoz bat udal gobernuak egin duen proposamenarekin. Gomezen esanetan, «onartezina da behatzaileei, ETAren nazioarteko bozgorailu direnei, udal ekipamendu bat uztea».
Hitzarmenaren arabera, bi urtez (urtero luzatzeko aukerarekin) erabili ahal izango lukete Aieteko Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea. Hitzarmen horren bidez, halaber, Nazioarteko Harreman Taldeari egoitza utzi eta Aieteko kultur etxea eta beharrezko material eta giza baliabideak eskuratu eta erabiltzeko aukera eskainiko liekeela aditzera eman du PPko bozeramaileak.
Hiriak bake-prozesuaren behatzaileen beharrik ez duela salatu du PPko bozeramaileak. Are gutxiago «Espainian demokraziarik ez dagoela diotenean edota pareka daitezkeen bi indarkeri daudela diotenean». Gomezek, gainera, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroaren hitzak bere egin ditu: «Espainiak bere behatzaileak ditu eta ez du besterik behar». Behatzailerik gabe ETAren disoluzio eta desagertzea «errazagoa» izango litzatekeela zehaztu du.
PPko zinegotziek, honenbestez, ez dute Giza Eskubideen Udal Batzordean parte hartuko alkatea «ETAk eraildako 102 herritarrak gaitzesteko gai eta terrorismo biktimen elkartearekin biltzera ausartzen ez den bitartean». ETAren disoluzioa eskatzeko oraindik ez dela gai izan kritikatu du Gomezek. Giza eskubideen batzordeko presidente bezala, eta alkate bezala, «etikoki eta duintasunagatik» pauso hori eman beharko lukeela gaineratu du. Azken urtean, gainera, alkatea ez dela terrorismo biktimen elkartearekin elkartu aurpegiratu dio Gomezek Juan Karlos Izagirre alkateari.
Giza eskubideen batzordeak «denak» bateratu behar dituela eta alkateak «denen» presidente izan behar duela jakinarazi du. «Ezin da alde batekoekin bakarrik elkartu», dio. Orain arte batzordeak egin dituen bilerek, era berean, ez dutela ezertarako balio izan azaldu du PPko udal bozeramaileak: «Lehenengoan ez ziren batzordearen helburuak zehaztu, eta bigarrengoan, ezer esaten ez zuen dokumentu bat aurkeztu zuten».