Igarotako bidearen kronologia bat

Alberto Gastesi: "Film laburrek oraindik ere zabaltzeko oso era tradizionala dute"

Alberto Gastesi. (Argazkia: Olaia Gil)

Alberto Gastesi: Zinemagilea Txikitatik zuzendari izan nahi zuela jakin zuen antiguatar gazteak; kontaketa ez-linealek txunditzen dute eta Donostian filmatutako Ekaitza izeneko bere azken lanean agerian utzi du. Txiki-txikitatik zuzendari izan nahi zuela jakin zuen Alberto Gastesik (Antigua, 1985). Isabel Albaren Kamera Atzean tailerrean trebatu zen eta ordutik gaur egunera arte hamaika film labur egin ditu. Azkenekoa, Donostia euritsu batean; Aitor Beltran eta Loreto Mauleon aktore donostiarrak lagun. Ekaitzaizenez bataiatu dute. Lan honekin Huhezinema eta Nontzefilmak lehiaketetako euskarazko lan onenaren sariak irabazi berri ditu. Nondik datorkizu zuzendari izateko grina? 13 urterekin zinemarekiko nire ikusmoldea aldatu zuen film bat ikusi nuen: Abre los ojos. Bere kontaketa bereziak liluratu ninduen, eta zinema zuzendaria izan nahi nuela erabaki nuen. Aitonaren kamera hartu eta lagunekin laburmetrai bat egin nuen. Meritu handia izan genuen, ia baliabiderik gabe aurrera atera baikenuen. Ondoren, Kamera Atzean ikastaroan izena eman nuen. Bertan Isabel Alba irakaslea ezagutu nuen. Isabel nire bigarren ama da; dena zor diot –besteak beste, sortzera eta gauza berriak frogatzera bultzatu ninduen–. 15 urterekin Trampantojo nire lehen gidoia idatzi nuen. Hainbat jaialditara joan ginen eta hortik aurrera laburmetraiak egiten jarraitu nuen. Zinema eta zientzia uztartu dituzu. Bai, 18 urterekin dilema handia izan nuen. Zinemaren mundua asko gustatzen zitzaidan, ikaragarri, baina baita zientzia ere. Bien artean nolabaiteko lotura ikusten dut; zinemak eragiten dizkidan hausnarketak eta zientziaren alderdi kontzeptualenak emozio bera sortzen didate. Injeniaritza industriala ikasten hastea erabaki nuen eta nahigabean, zinemaren mundua pixka bat alboratu nuen. Azken ikasturtean, ordea, Madrilera joan nintzen eta han bideoklipak egiteari ekin nion Rafa Zubiriarekin batera. Hastapenetatik kontaketaren egiturak kezkatu zaitu. Bai, formak obsesionatzen dit, formaren esplorazioak eta formaren kontzeptuaren eztabaidak. Kamera Atzean ikastaroan Hollywooden gidoiak egiteko eredu bat existitzen zela ikasi nuen –Hollywoodeko paradigma–, eta ikusten ditugun filmeen %90 eredu hori jarraitzen dutela. Horren arabera ekintzek bata bestearen atzetik kateatuta joan behar dute, beste ezaugarri batzuen artean. Eredu hori hautsi daitekeela ere erakutsi ziguten, eta hori nire irrikekin bat zetorren; ez bainuen nire lanak kontaketa linealak izatea nahi. Joan den udan Istmo errodatu zenuen eta orain, Ekaitza. Bietan kontaketaren egitura berezia da. Istmo ekoizpen handia izan zen; Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntza jaso zuen eta ekoizpen etxe baten babesa zuen. Aitor Beltran, Loinaz Jauregi eta Kandido Uranga aktoreek parte hartzen dute. Baserri batean girotuta dago eta nahiko trinkoa da. Ekaitza, aldiz, aurkakoa da: bat-batekoa, oso gauza txikia, baina asko asebete nauena. Oso harrera ona izaten ari da publikoa artean eta jaialdietara aurkeztuko dut. Nolatan sortu zen bada Ekaitza? Gau bateko kontua izan zen; ekaitza zegoen eta oso eguraldia kaxkarra iragarri zuten albistegietan. Donostia eguraldi txarrarekin filmatzeko gogoz nengoen, eta Aitor Beltran eta Loreto Mauleon aktoreak bustitzeko prest agertu ziren. Ekaitza atzerantz kontatutako istorioa da, erantzungailua aurrera doan bitartean. Sare sozialetan zintzilikatu duzu. Zer-nolako garrantzia dute euskarri hauek film laburren zabalkunderako? Garrantzitsuak dira, baina ez dakit zenbateraino. Zure lagunek eta lagunen lagunek zure lana ikustea primeran dago, baina ez dakit zer-nolako eragina izan dezakeen. Laburmetraiek oraindik ere zabaltzeko oso era tradizionala dute; jaialdien bidez atera daitezke kanpora, duela 10 urte bezalaxe. Hain zuzen ere, laburmetraien gainean esan ohi da , lan handia eman arren, oso jende gutxik ikusten dituela. Tristea da, guztiok nahi baitugu gure lana ikusia izatea… Jaialdiz jaialdi aritu ondoren, gerta daiteke telebista kateren batek erostea – adibidez, EITBk Istmo erosi du–. Garai batean zinema aretoetan ere filmeen aurretik film laburrak ematen zituzten. Orain ere halakorik egitea gustatuko litzaizuke? Ba bai… Primeran egongo litzateke film bat ikusi aurretik film labur pare bat ikustea. Nola ikusten duzu zinemagintza Euskal Herrian? Nik uste Euskal Herria formarekin abangoardistak izatera ausartu diren zuzendarien harrobia dugula. Hortxe dugu, adibidez, Medem, mundu osoan ezaguna dena. Horrez gain, iazko Zinemaldian Bi anai filmeak guztiak harritu gintuen, bere egitura ausartarengatik, eta Aita filma ere ildo beretik doa. Herri txikia izan arren, kontaketa mota ezberdinen ordezkariak diren zuzendariak ditugu. Telmo Esnalen Urteberrion amona!-k ere thriller egitura du eta narrazio eta planifikazio indartsuak. Zeintzuk dira zure hurrengo egitasmoak? Bi film luzetarako gidoiak idatzi ditut beste bi gidoilarirekin batera, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzez baliatu naiz. Gaur egun diru-laguntzarik gabe ezin duzu ezer ere egin. Film bat egiteko orduan diru-laguntza fase ezberdinak daude: lehena, gidoia egiteko, gero proiektuaren garapenerako eta azkenik, produkziorako. Prozesua luzea da. Zer helarazi nahi duzu zure lanen bitartez? Nire ezinegonak; urteotan adin bakoitzari dagokion ezinegon multzoa azaleratzen joan naiz. Eta egun, zeintzuk lirateke horiek? Sistemaren alienazioak kezkatzen nauela esango nuke; munduko harreman kapitalisten sareak osatutako munstro handia eta istorio intimoetan uzten dituen aztarnak. Kapitalismoak liluratzen nau, biluzik dagoen horretan. Film luzeen bilakaera zein den ikusi artean, film laburrak egiten jarraituko duzu? Bai, Londresen egin nahiko nuke hurrengoa, duela urte erdi entzun nuen berri baten inguruan; gazte batek bere giltzurruna saldu nahi zuen Ipad2 bat erosteko. Bizi garen gizartearen isla iruditu zitzaidan.
HITZAkide HITZAkide