Asier Lavanderaren hilketaren auzian fiskalak espetxe zigorra igo egin du
Gertaera hilketatzat jo du. Zinpekoen mahaia bihar bilduko da Iruñean, erabakia hartzeko
Asier Lavandera intxaurrondotarraren hilketa argitzeko epaiketa bukatzear da. Astelehenean hasi zen epaiketa Iruñean, Nafarroako Auzitegian, eta zinpekoen mahaia bihar bilduko da, erabakia hartzeko.
Fiskalak homizidioaren ordez hilketa izan zela uste du: hasieran ez bezala, gertaera hilketatzat jo du. Sergio Ramos akusatuaren aurkako espetxe zigor eskaera igo du: 14 urte eta erditik, 18 urtera. Hilketa egotzi dio, eta azpikeriaz jokatu izana leporatu dio. Sergio Ramos Asier Lavandera hiltzera joan zela adierazi du fiskalak. Asier Lavandera hilzorian ihes egiten saiatu zenean atzetik jarraitu zuela azaldu du. Defenditzeko aukerarik eman gabe, bizkarraldetik beste bi labankada eman zizkiola esan du.
Akusazio partikularrak eutsi egin dio 25 urteko espetxe zigor eskaerari. Defentsak dio auzipetuak ez zuela hura “ankerkeriaz” hil, eta bi urte eta erdiko espetxea eskatu du, homizidioagatik.
Lekunberriko Mao Mao Beach dantzalekuaren kanpoko aldean hil zuten Lavandera, 21 urte zituela, 2010eko urtarrilaren 16an. Hilketarekin zerikusia zutelakoan, lau gazte atxilotu zituzten, eta epaileak horietako bat espetxeratzeko agindua eman zuen. Geroago, Lavanderaren familiak jakinarazi zuen gazte horrek lehendik kartzelan behar zuela, aurretik egindako bi delituren ondorioz.