Iker Lauroba: "Agian zerbait zentzugabea egin dugulako aukeratu dugu izen hori diskorako"
Lauroba taldeak ‘Iglu bat basamortuan’ lanaren aurkezpen kontzertua egingo du larunbatean Dokan
Kontzertua
Hirugarren diskoa kaleratu berri du Lauroba musika taldeak Oihuka disko etxearekin: Iglu bat basamortuan. Hamahiru abestik osatzen dute lana, eta etzi aurkezpen kontzertua egingo dute Dokan. Taldekide bat gehiagorekin osatu dute diskoa, eta lehen emakumezkoa gehitu zaio gizonezko laukoteari. Hala, honakoek osatzen dute boskotea: Iker Lauroba (ahotsa, gitarra), Haritz Lauroba (bateria), Alain Urkola (gitarra), Iñaki Ortego (teklatua, ahotsa) eta Ane Bastida (baxua, ahotsa). Lauroba anaia donostiarrak izan ziren taldearen sortzaileak, eta beraietako batekin, Ikerrekin (Gros, 1975), hitz egiteko aukera izan du IRUTXULOKO HITZAk.
Hasteko, diskoaren izenburuaren zergatia azaldu du Laurobak. «Agian zerbait zentzugabea egin dugulako aukeratu dugu diskoarentzako izen hori. Gaur egun egiten den musikatik kanpo dago. Euskal Herrian kontzertu asko emateko, estilo jakin batzuk landu behar dira, eta pixka bat hortik kanpo dago gurea. Izenburuak kontrastea ere adierazten du, estilo desberdinak bildu baititugu, baladak eta abesti punkagoak sortu ditugu». Estilo aniztasun horretan, kolaborazioek ere eragina izan dute. Zehazki, Iker bera izaten da abestietako musika sortzen duena, askotan baita hitzak ere. Disko honetarako, ordea, lagun bat baino gehiagok jarri dizkie hitzak Ikerrek sortutako musikari: Harkaitz Cano, Beñat Gaztelumendi, Itziar Ituño eta Rafa Cabeza. «Musika aldetik nahiko disko bariatua izan denez, kolaborazioen bidez ere aniztasuna topatzen saiatu gara; bost taldekideetara mugatu gabe, aberastasuna lortzeko», azaldu du Iker Laurobak. Azken batean, diskorik osatuena lortu dutela onartu du. «Hasi ginenetik bukatu dugun arte urtebete igaro dugu estudioan. Asteburuetan egin dugu eta bolada batzuk grabatu gabe egon gara, baina denbora asko izan dugu abestiak moldatzeko. Fredi Pelaez izan da teknikaria, eta asko lagundu digu. Batzuetan abestian berriro grabatu izan ditugu. Kanpoko eskuhartze handia izan duelako, eta denbora asko izan dugulako, disko aberatsena dela uste dut».
Bideoklipa ere egin dute
Diskoa kaleratu zutenetik aste batzuk baino ez dira igaro, baina dagoeneko jarraitzaileen erantzunak jasotzen ari da Lauroba. «Sare sozialetan ikusi dugunagatik, harrera nahiko ona izaten ari gara momentuz. Batzuk harritu egin dira, baina onerako. Jaso ditugun iritziek gustuko izan dute diskoa». Dokako kontzertua bi talde izango dira, izan ere, Laurobak baino lehen, Tristan Crowley & Mikel Uhartea bikotea ariko da zuzenean.
Laurobak, ezustekoren bat emateko asmoa du. «Disko berriko abesti gehienak joko ditugu, gure lana erakusteko. Abesti zahar batzuk ere joko ditugu, pixka bat moldatuta. Sua Gara abestiaren bideoklipa ere ikusteko aukera egongo da Dokan».
Udari begira, momentuz beste hiru kontzertu ditu hitzartuta Laurobak Gipuzkoan, ekainaren 8an Bergaran, ekainaren 9an Lazkaon, eta ekainaren 16 Villabonan.
- Zer. Laurobaren Iglu bat basamortuan diskoaren aurkezpena.
- Non. Antiguako Dokan, Errege zain, 20.
- Noiz. Maiatzak 26, larunbata, 20:30ean.
- Sarrera. 5 euro.