Werner Herzogek eta Naomi Wattsek badute, honezkero, Donostia Sari bana
Werner Herzog eta Naomi Watts, Donostia Saria jasotzen.Donostia Zinemaldia Ostegunean (hilak 18) hasi zen 74. Zinemaldia, eta lehen asteburu honetan ematen dituzte Donostia Sariak; hala, zinemaren munduko bi izen handik eraman zuten etxera hain preziatua den ohorezko sari hori: Werner Herzogek eta Naomi Wattsek.
Herzog zuzendari, gidoigile eta ekoizle alemaniarrak inaugurazio ekitaldian jaso zuen saria, Orlando Bloom aktorearen eskutik. Izan ere, Bloom, Herzogen azken filmeko (Bucking Fastard) aktore zerrendaren parte da. Zinemaldiak Herzogen “zinemaren mugak arakatu nahi izatea eta begirada berezi, aske eta arriskutsuaz behatzea” nabarmendu nahi izan du sari honekin.
Txalo zaparrada luze baten ostean, zuzendariak euskal kultura eta euskara goraipatu zituen, hizkuntza “harrigarria eta Europako zaharrena” dela esanez, eta bertsolariekiko miresmena azaldu zuen: “Euskal komunitatearen parte sentitzen naiz, eta poesia herri baten eskutik jasotzen dut sari hau”.
Ohorezko bigarrena, Wattsentzat
Watts aktore eta ekoizleak jaso du bigarrena bart, Kursaalean, Juan Antonio Bayona zinemagilearen eskutik. Aktoreak David Lynch zuzendariari eskaini zion saria, —iaz zendu baitzen—, eta harekin Mullholand Drive (2001) filmean lan egiteak bere bizitza nola aldatu zuen gogoratu zuen. Horrez gain, The Impossible (2012) filmatzeak suposatu zuen abentura gogoratu zuen, Bayonari eskerrak emanez. Ibilbidean zehar konfiantza eman dioten beste zuzendari batzuk ere eskertu zituen, baita zinemaren magia posible egiten duten lantaldeak ere.
Emakumeen paperari buruzko mezu aldarrikatzailea ere utzi zuen Wattsek; bere adineko emakumeek pantailetan islatuta ikusi behar dutela nabarmendu zuen, eta harro agertu zen 40 urterekin dena amaitzen zelako kondaira hori aldatzen laguntzeagatik: “Beste pertsona batzuengan bizitzen ahaleginduz bizitzea eta, bidean, zeure burua gehiago deskubritzea da aktore izatearen plazera”.

