Atotxako autobus geltokiaren proiektuak ez du ingurumen eraginari buruzko azterketarik
Atotxako autobus geltokiak berme guztiak izan ditzan, ingurumen eraginari buruzko azterketa izatea «beharrezkoa» duela jakinarazi du Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak. Baieztapen hori egiteko udal idazkariak 2010eko urrian egindako txosten bat hartu dute aintzat. Bertan, Atotxan geltoki intermodal bat egiteko ingurumen azterketa bat edo dagokion erakundearen baimena beharko litzatekeela dio. Atotxako geltokiak halakorik ez duela ohartu da udal gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundiarengana jo dute idazkariak jakinarazitakoa berresteko.
Diputazioak duela hiru egun egindako txostenean hala dio: «ingurumen eraginaren ebaluazio indibidualizatua egin behar da Atotxako autobus geltokia egiteko».
Aurreko udal gobernuak legeari izkin egin eta beste alde batera begiratzeko erabakia «hauteskunde kalkuluen eraginez» hartutakoa izan zela esan du Burutaranek.
Bilduko zinegotziak, dena den, datorren osoko bilkurari begira botoa aldatzeko egindako «mehatxua ez» dela azaldu du. Gobernuak «arduraz» aritu eta «legea errespetatu» behar duela argitu du.