Igarotako bidearen kronologia bat

AHTren aurkako ekintza bategatik hamaika lagun epaitzen hasi dira Egiako epaitegian

image Hamaika pertsona epaitzen hasi dira gaur goizean Egiako epaitegian 2008. urtean Abiadura Handiko Trenaren aurka (AHT) Donostian egindako protesta ekintza bat dela-eta. Epaitegiaren kanpoko aldean hamarnaka lagunek epaituei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute. Gaur epaitzen hasi diren hamaika pertsonetako bederatzirentzat bina urteko espetxe zigorra eskatu du akusazioak, beste batentzat bi urteko eta bederatzi hilabetekoa, eta azkenekoarentzat isun ekonomikoa. 2008ko abuztuaren 3an ekintzaileak Askatasunaren hiribidea moztu zuten porlanez beteriko bidoietara lotuta. Epaiketaren aurka eta epaituei elkartasuna adierazteko hamarnaka pertsona bildu dira Kalkutako Teresa plazan, epaitegiaren aurrean egin duten elkarretaratze batean. AHT Gelditu! Elkarlana AHTren Aurkako Asanblada eta Donostiako ezker abertzaleak deitutako protestan, AHTren aurkako leloak zabaldu dituzte, eta baita azpiegitura honen harira egin beharreko hainbat ekintzaren inguruko informazioa ere.

Besteak beste, ekainaren 13an Donostiako udaletxearen parean AHTk eragindako desjabetzen aurkako ekitaldia egingo da, eta elkarretaratzea deitu dute. Era berean, ekainaren 7an Ibon Garciak eta Mikel Alvarez donostiarrak deklaratu egin beharko dute Egiako epaitegian, Espainiako Auzitegi Nazionalak hala eskatuta, Yolanda Barcina Nafarroako gobernuko lehendakariak jasotako tartakaden harira.

HITZAkide HITZAkide