Bertsoa oinarri duen dantza ikuskizuna sortu dute, 'Errimak oinetan'
Haatik dantza konpainiaren lehen ikuskizuna izango da Errimak oinetan: dantza berriak, bertsoei jarriak. Altzako Unai Elizasu gai-jartzaileak Parte Zaharreko Aiert Beobide dantzariari egindako dei bati esker hasi zen guztia. “Irratian entzun nien dantzariei, asko kostatzen zitzaiela ikusleengana iristea”, kontatu du Elizasuk aurkezpenean. Hala, dantzariekin harremanetan jarri zen, bertsoak dantzarien ikuskizunean lagundu zezakeelakoan. “Momentu onean harrapatu gintuen, konpainia berria sortzen ari bait ginen”, azaldu du Beobidek.
Eztabaidak,bertsoak, kantuak, dantzak, entseguak… izan dira tartean, baina urtebete igarota, badute ikuskizuna. Taula gainean bost dantzari egongo dira, baina bertsolarien moduan portatuko dira hein batean; eta aurrez grabatutako kantu eta bertsoak entzungo dira bitartean. Igandean estreinatuko dute ikuskizuna, Leioan (Bizkaia), 20:30ean.