Etxabek Realeko Superligako taldea entrenatzeari utziko dio
Zenbait iturriren arabera, Unai Gazpio antiguatarra izan daiteke bere ordezkoa datorren denboraldirako
Realak hala erabakita, Jose Manuel Etxabek Superligako emakumezkoen taldea entrenatzeari utziko dio. Datozen egunetan, emakumezkoen taldearen hurrengo burua nor izango den jakinaraziko duela dio klubak. Hala ere, bien bitartean, Unai Gazpio antiguatarra jotzen du Etxaberen ordezkotzat Euskadi Irratiak. Añorgako emakumezko zein gizonezko taldeen entrenatzailea izan da Gazpio.
Jose Manuel Etxabek Reala zuzendu du azken bi denboraldietan, aurretik urtebetez bigarren entrenatzailea izan ostean. Realak Etxaberi urte horietan egindako lana eskertu nahi dio, eta onena opa dio aurrerantzean ere.
Denboraldia bukatu da
Realak garaipenarekin itxi zuen denboraldia. L’ Estartiten aurka 0-1 irabazi zuen taldeak asteburuan Superligako azken partida. Maite Lizasok bigarren zatian penaltiz sartutako golari esker iritsi zen garaipena. Denboraldi amaiera polita izan zen taldearentzat; eta sailkapeneko zazpigarren postuan bukatu du, 62 punturekin.


